Lagun batekin Elizondon bizi da Aintzane Ariztegi Barrenetxe (Lekaroz, 1998), errentan hartutako pisu batean. «Duela hiru urte eta piko» eman zuen pausoa, «espazio propioa sortzeko beharra» sentitu zuelako. Baina etxea lortzeko «zailtasunak» izan omen zituzten eta, azkenean, «gurasoen lagun bati esker» lortu zuten: «Gazte izatea eta lagunekin bizitzeko hautua egiteak aurreiritzi aunitz sortu ohi ditu etxejabeen begietan. Baina ez dugu bertze aukerarik gaur egungo prezio altuekin». Onartu du sorterrian bizitzea duela amets, eta etorkizunean horixe nahiko lukeela, baina momentuz, «herrian ez dago errentan hartzeko etxe bat bera ere» eta Elizondon bilatu du bizilekua. «Baina nire nahia etorkizunean herrira bueltatzea da».
«Baztango edozein herritako ohiko neurriko pisu batengatik hilean 600 eurotik goiti ordaindu behar izatea ezin dugu normalizatu, etxebizitza eskubidearen urraketa da»
Emantzipatzeko dirulaguntza hartutakoa da, eta «aringarria» dela aitortu arren, «baldintza batzuk malgutuko» lituzkeela gehitu du. Gehiago ere bai. Arazoari «errotiko aterabidea emateko» hori baino gehiago behar delakoan dago: «Ez du alokairuen prezio estratosferikoak apaltzeko aterabiderik proposatzen. Dirulaguntza horiez gain, arazoaren erroa irauliko duten aterabideak behar ditugu, instituzioetan eta hortik kanpo. Baztango edozein herritako ohiko neurriko pisu batengatik hilean 600 eurotik goiti ordaindu behar izatea ezin dugu normalizatu, etxebizitza eskubidearen urraketa da». Eta Baztango egoera hizpide hartuta, bertze hausnarketa bat egin du: «Harreman sare kozkor bat eduki ezean, zaila da urte osorako etxebizitza alokatzea. Aukera horiek aunitz handituko lirateke etxe hutsen eta turistikoen jabeek ikuspegia aldatuko balute, etxebizitzak bizitzeko direla ulertuz, eta ez negoziorako tresna. Herrien etorkizuna belaunaldi gazteen esku dago, baina bertan bizitzeko aukerarik ez badugu, herrien etorkizuna iluntzen ari gara».
Nafarroan 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean % 16,2 emantzipatua izatea «datu arras apala» iruditzen zaio Ariztegiri: «Adin tarte hori gazte izatetik heldu izaterako saltoa emateko garaia da, ikasketak akitu eta gure bizi proiektua sortzen hastekoa: Lana, harremanak, etxebizitza... Hamar gaztetatik bi baino gutiago dira lortzen dutenak, gainontzeko zortzien garapen prozesua trabatua dago, beraz».
«Inguruan etxejabe gehienak ez dira multinazionalak edo instituzioak, herritarrak dira, gure barrideak»
Arazorik handiena «sarbidearekin» ikusten du Ariztegik: «Etxebizitza ez dago edozeinen eskura eta oinarrizko eskubide bat izan beharko lukeen arren, ez dago bermatua». Ingurura begira jarri da: «Inguruan etxejabe gehienak ez dira multinazionalak edo instituzioak, herritarrak dira, gure barrideak», eta haiei egin die deia: «Herritarren arteko elkartasunez lortu dezakegu etxebizitzarena pribilegio izatetik eskubide izatera pasatzea».
Gazteen prekarietateaz ere mintzatu da, «gizarteko sektore prekarioenetariko bat» direla baieztatuz, «gazte izate hutsagatik. Soldata apalak izaten ditugu, hasi berriak garelako edota bertzerik gabe, gazteak izateagatik gutiago ordaintzen digutelako. Etxeen alokairuen prezioak hain altuak izateak ez du laguntzen prekarietate horrek sortutako larritasuna aritzen; are gehiago estutzen gaitu».
«Badut sentsazioa gaur egun gazteoi emantzipatzeko beharra sentitzea ukatzen digutela; gurasoenean ederki bizi garela erraten digute maiz».
Eta alokairuen prezioak goititzen segituko duela aurreikusita, kezkatua mintzatu da: «Etxejabeek alokairuen prezioak ezartzeko duten irizpidea merkatua bera izaten da aunitzetan. 'Nola paratuko dute bertzeek baino merkeago? Ergelek bakarrik eginen lukete hori'. Alokatzeko beharra duten herritarren prekarietatearen konplize bihurtzen dira horrela». Soldataren % 67,8 alokairura bideratu behar izatea, berriz, «erokeria» iruditzen zaio, eta horregatik «aunitz gurasoen etxean gelditzen dira berandu arte. Gazte guziek ongi dakite gurasoen etxetik ateratzea ez dela erraza. Emantzipatzeko aukera errazagoak izanen bagenitu, bertzelako joera izanen genuke, eta gazte gehiago animatuko lirateke etxetik ateratzera». Horri lotuta, «norberak nahi duen bezala bizitzeko eskubidea» aldarrikatu du: «Badut sentsazioa gaur egun gazteoi emantzipatzeko beharra sentitzea ukatzen digutela; gurasoenean ederki bizi garela erraten digute maiz».
Eta horrekin batera, «herri mailako erantzuna» eskatu du. Helburu horrekin sortu zuten duela bi urte Baztanen Bizi Nahi Dugu plataforma, eta ikasturte honetan ere bere bidea egiten hasia da. Ariztegiren hitzetan, «arazoaren erroa arras sakona da: merkatua, jabetza pribatua, indibidualismoa, familia nuklearra... Sistema oso baten emaitza da». Baina badu itxaropena: «Horren kontra egin eta herritarron arteko elkartasuna handitzea da lehendabiziko pausoa. Norberaren beharrez gain kolektiboaren beharretan ere pentsatzen hasi beharko genuke. Horrek herriak biziz betetzen lagunduko luke». Eta instituzioei ere egin die deia: «egoera basa hau baretzeko neurri oro ongi etorriak» izanen direla erranez: «Etxebizitza turistikoen kopuruari muga paratuz, alokairuen prezioak mugatuz, etxe zaharrak berritzeko erraztasunak sortuz, etxebizitza publikoak sortuz...».