Gazteek eskualdean emantzipatzeko «aukera arrunt gutti eta eskasak» dituztela dio Asier Arrieta Sarrateak (Elgorriaga, 1998). Eta oinarrian «ez da eskaintza falta» bere ustez, «etxebizitzarako sarbidea zaildu izana baizik».
Hurbilekoa du gaia: «Lagun aunitzek komeriak izan dituzte zerbait errentan hartzeko. Hilabeteak eta hilabeteak bilaka, agian urte bat ere bai, deus ez harrapatzeko edo agian azken momentuan, txiripaz, zerbait agertzeko». Arrieta bera duela «hiru urte» emantzipatu zen, «23 urterekin»: «Kanpoan ikasi nuen eta kanpoan bizi izan nintzen urte batzuez, baina hemen inguruan bizi nahi nuen, eta azkenean lortu nuen». Sorterria du bizileku, baina «ez zen erraza izan, ez baitzegoen aukerarik eskualdean. Zorionez, herrian alokairuan dagoen etxe bat libratu zen, eta bertara sartu nintzen lagun batekin». Epe luzera «herrian bizi» nahiko lukeela aitortu du, «baina orain lan kontuak direla medio, aunitz mugitu behar izaten dut Gipuzkoara, eta Bortzirietan zerbaiten bila ari naiz».
«Ez dut uste dirulaguntzek deus konpontzen dutenik»
Emantzipatzeko administrazioak ematen dituen dirulaguntzez ere mintzatu da. Arrietak ez du horrelakorik eskatu, eta «jende aunitzendako lagungarriak izaten ahal direla» uste duen arren, argi du: «Ez dut uste dirulaguntza horiek deus konpontzen dutenik. Horrelako neurrien bitartez alderdi politikoek eta instituzioek errentismoa diruz lagundu eta prezioen igoera zilegitzen dute, beraien aurpegia zuritzeaz gainera. Etxebizitzaren negozioa elikatu beharrean, prezioen jaitsiera orokorra inposatu beharko lukete, baina ez dira ausartzen».
Etxebizitzaren arazoa gazteengandik haratago doan zerbait delakoan dago Arrieta: «Aunitzetan gazteengan paratzen dugu arreta, arazoa hedatuagoa baita gazteen artean aitzineko belaunaldien artean baino». Baina gaineratu duenez, «gazte langileon belaunaldiek dugun egoera kaskarrak joera ekonomiko orokortuago bat iragarri baino ez dute egiten. Arazoaren lehenbiziko sintomak gazteengan agertzen dira, baina gaixotasuna orokortua da».
Etxebizitzei erreparatuz, errentan emateko eta saltzeko dauden etxeak bereizi ditu Elgorriagako gazteak. Eta bere inguruan, gazteen artean, alokairurako joera sumatzen du: «Ez da kasualitatea. Ez du zerikusirik gazteen txip kulturalarekin, hipoteka baten loturatik libre egon nahi izatearekin eta saldu nahi dizkiguten horrelako diskurtsoekin. Kontrara, egiturazko arazo baten isla da, egoera horrek baldintzatzen ditu gure joerak eta nahiak, nireak barne».
«Ez dago alokairurik Baztanen, Malerrekan edo Bortzirietan. Saltzeko bai, baina prezio izugarri altuan. Edozein gazte langilerendako pentsaezina da»
Gainerakoan, alokairuan dauden etxebizitzei dagokienez, honela mintzatu da: «nahikoa da Idealista bezalako webgune batean bilaketa bat egitea» egoera zein den ikusteko: «Edozeinek egiaztatu ahal izanen du ez dagoela alokairurik Baztanen, Malerrekan edo Bortzirietan». Saltzeko badela eskaintza aipatu du, «baina prezio izugarri altuan. Edozein gazte langilerendako pentsaezina da horrelako zerbaitetan sartzea».
Horrez gain, «hutsik daudenak, abandonatuak daudenak, bordak, turismora edo negoziora bideratutako etxebizitzak...» hartu ditu hizpide: «Etxeak badaude, baina traba burokratiko eta ekonomikoek ezindu egiten dute horiek erabiltzea».
Nafarroan gazteek soldataren % 67,8 alokairua ordaintzeko erabili behar izatea «lotsagarria» iruditzen zaio, eta «azken hamar urteetan etxebizitzaren prezioa % 55etik goiti goratu» izana salatu du. Horren erantzule «arduradun politikoak» egin ditu: «20203an onartutako etxebizitzaren legeak, adibidez, argi erakutsi ditu bere ezintasunak. Alokairuen prezioak jaitsi beharrean, horien igoera % 3ra mugatzearekin kontent gelditu dira, eta ez dute hori ere lortu. Hain zuzen, % 5 baino gehiago goratu dira alokairuan Nafarroan azken urtean».
Etxebizitzaren arazoaren oinarrian «sarbidea» ikusten du Arrietak: «Gure aitzineko belaunaldietan, aunitzek erosten ahal zuten etxea edo beraien gustura eraiki. Alokairua salbuespena zen. Egun, erostea edo eraikitzea pentsaezina da». Horrek, bere ustez, «argi» uzten du «sakoneko arazoa ez dela eskaintza falta, sarbidea baizik. Eskuin zein ezkerreko alderdiek arazoa eskaintza faltan kokatzen dute, merkatuak arazoa konpondu ahal izanen balu bezala. Sakoneko arazoa, berriz, sarbidea da, eta hori ez da etxebizitza gehiago eraikiz konponduko, etxebizitzaren negozioa akituta baizik».
«Konponbidea ez da arazoa gorde eta elikatu bertzerik egin ez duten politikari profesionaletatik etorriko, ezta merkatutik ere. Ez badugu guk egiten, ez du inork guregatik eginen»
Egoera ikusita «instituzioetatik kanpo antolatzen hasteko eta etxebizitzaren defentsa eraginkorra egiteko tresna indartsuak eta zabalak sortzeko» beharraz aritu da, «langile elkartasuna ehunduz: «Konponbidea ez da arazoa gorde eta elikatu bertzerik egin ez duten politikari profesionaletatik etorriko, ezta merkatutik ere. Ez badugu guk egiten, ez du inork guregatik eginen». Horren harira, berriki eskualdean sortua den Mendialdeko Etxebizitza Taldea (META) ekarri du mahai gainera: «Etxegabetze kasuren baten berri izan dugu eskualdean, eta horien kontra, horrelako tresnak ezinbertzekoak dira. Garrantzitsua izanen da ondoko hilabeteetan horren inguruan indarrak metatzeko eginahalak egitea».