Malen LIZARRAGA

«Jendeak dirua egin nahi du bizitzeko eskubidearekin»

Ttipi-Ttapa 2024ko abe. 8a, 11:00

Malen LIZARRAGA OLANO, Leitzako gaztea.

Duela bost urte, «doktore aurreko kontratua lortuta», emantzipatu zen Malen Lizarraga Olano (Leitza, 1993). Iruñean bizi izan zen, pandemia tarteko, Iruñetik sorterrira itzuli zen arte. Zenbait hilabetez gurasoen etxera bueltatu zen, baina ja hiru urte daramatza gurasoen etxetik kanpo. Gaur egun, «Leitzan lagun batekin etxea partekatzen dut».

«Ez dago etxebizitzak alokairuan jartzeko borondaterik»

Etxebizitza aurkitzeko, ordea, «arazo asko» izan omen dituzte. «Leitzan 200 bat pisu omen daude hutsik. Gu bizi garen etxea lagun bati esker lortu genuen, baina aurretik hogei bati galdetu genien. Batzuk urteak, besteak hilabeteak daramatzate hutsik, eta alokairuan jartzeko ez dago borondaterik. Asko inoiz zaharberritu gabeak dira eta zahartuak daude».

Nafarroako Gobernuaren Emanzipa dirulaguntza hartzen duela kontatu du, eta «nahiko ongi» laguntzen dion arren, argi du «dirulaguntza horiek ez dutela arazoa konpontzen; egiazko arazoari jarritako tirita modukoak dira. Alokairuaren erregulazioari ekin beharrean, laguntza horiekin gobernuak zeozer egiten duela erakutsi nahi du». Gainera, «desoreka egoerak sor ditzakeela» dio; «etxejabeek errenten prezioa igotzen jarraitzen dute, edota ezkutuan gehiago eskatzen. Emanzipa jasotzeko baldintzen artean, alokairuaren prezioak, gehienez, 700 eurokoa izan behar du. Leitzan, dagoeneko, errenta altuagoak eskatzen ari dira».

Egoera horretan, gazteen artean emantzipatzeko «oso aukera gutxi» ikusten ditu: «Udalak ez du alokairu sozialerako inongo planik. Ez dago pisu eskaintzarik. Dagoenak, gainera, orokorrean ez du gutxieneko duintasunez bizitzeko aukerarik ematen. Badaude prezio eta egoera duinean, baina denak beteta, eta ez dago alokairu merkaturik».

«Geroz eta gehiago dira bigarren pisu bat erosi eta espekulatzen hasten direnak»

Bere ustez, «etxebizitza merkatu librearen parte delako» sortua da arazoa: «Ahaztu egiten zaigu etxebizitza eskubide bat dela, ez produktu bat. Jendeak dirua egin nahi du bizitzeko eskubidearekin. Geroz eta gehiago dira bigarren pisu bat erosi eta espekulatzen hasten direnak. Prezioak geroz eta gehiago igo, ahalik eta irabazirik handiena lortzeko». Gisa honetara, «gazteek, familiek, etorkinek… ezinezkoa dute diru kopuru hori ordaindu eta duintasunez bizitzea. Alokairuak ez luke bigarren soldata lortzeko izan behar».

«Pixkanaka lotarako herria bilakatzen ari da. Leitzan eta inguruan geroz eta gehiago dira Donostia eta Iruñea aldetik etxebizitza bila datozenak»

Leitzako kasua aipatu du: «Bertan bizi eta lan egitea nahi badugu, egiazko alokairu merkatu bat izan beharko genuke, ordaindu daitezkeen prezioekin. Pixkanaka lotarako herria bilakatzen ari da. Leitzan eta inguruan geroz eta gehiago dira Donostia eta Iruñea aldetik etxebizitza bila datozenak. Guretzat garesti dena, haientzat eramangarria da».

Hortik aparte, inguruko gazteen artean, «geroz eta gehiago» sumatzen du etxeak erosteko joera «adinagatik, agian, tokatzen den zerbait da, baina beste askok alokairuan ordaindu beharrekoa nahiago dute hipotekan ordaindu. Beraiena izanen den zerbaitetan inbertitzen ari direnaren sentsazioa dute». Bere kasuan, «ez da nahi kontua, ahalmen kontua baizik. Nik ezin dut erosi». Alokairuan «gustura» dagoela aitortu du, «baina ziurgabetasuna beti hor egonen da: prezioen igoera, kontratuaren bukaera...».

«Ez da bidezkoa, Leitzan gertatzen ari den bezala, alokairuak 800 euroren bueltan jartzea. Non dago norberaren etika?».

Hala, arazoari buelta emateko, batetik, «administrazioak neurriak hartu beharko lituzkeela» uste du: «alokairu sozialerako pisuak eskaini, hutsik dauden pisuei zergak igo, pisuak errentan jartzeko programak martxan jarri, eraikuntza berriak bultzatu beharrean zaharrak berritzea bultzatu...». Eta bestalde, «jendeari hausnartzeko» eskatu dio: «Ez da bidezkoa, Leitzan gertatzen ari den bezala, alokairuak 800 euroren bueltan jartzea. Non dago norberaren etika?».

Bukatzeko, etxebizitzarena «ez dela soilik gazteen arazoa» oroitarazi nahi izan du: «Etorkinak, gazteak, lan prekarioak dituztenak, gutxieneko egonkortasun ekonomiko bat ez dutenak… Ezinezkoa dute gaur egun bakarrik bizitzeko aukera izatea. Zenbatetan entzun dugu kanpotik datozen langileez aprobetxatzen diren errentatzaileen inguruan? Pisuak logelaka alokatuz, kontraturik gabe, prezioak edozein momentutan igoz…».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun