Martxoak 8 (2024)

Emakume pentsiodunek ere duintasuna nahi dute

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 9a, 09:00

Joan den otsailean Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak Beran egindako elkarretaratzea.

Nafarroako azken datuen arabera, emakumezkoen pentsioak gizonezkoenak baino 500 euro baxuagoak dira, eta guttieneko pentsioa kobratzen dutenen artean % 66 emakumezkoak dira. Agerikoa da generoen arteko aldea. Pentsiodunen egoera hizpide hartuta eta atzo Emakumearen Nazioarteko Eguna zela oroituz, eskualdeko bortz emakumezko pentsiodunei egindako elkarrizketak argitaratuko ditu gaur eta bihar TTIPI-TTAPAk.

Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan, emakume pentsiodunei begira jarri da TTIPI-TTAPA, pentsioetan ere agerikoa baita genero arrakala. Zenbakiak dira testigu. Konparazio batera, aurtengo ilbeltzaren 1eko datuen arabera, 131.742 pentsiodun daude Nafarroan. Horietatik % 48,2 emakumezkoak dira eta bana bertze hilabetero 1.298,71 euro hartzen dituzte. Gizonezkoek hartzen dutena dezente kopuru altuagoa da: gizonezkoek bana bertze hilabetean 1.812,22 euro hartzen dituzte, 513,51 euro gehiago. 

Espainiako Gobernuak gutxieneko pentsioak igo ditu, baina oraindik ez dira pentsiodunen mugimenduak behin baino gehiagotan eskatutako  1.080 eurora ailegatu. Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduaren hasierako aldarrikapena ere hori bera izan da eta Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari pentsioa hamalau ordainsaritan 1.080 eurora osatzeko eskatu die. Helburu horrekin Berako, Lesakako, Sunbillako, Baztango eta Doneztebeko udaletan mozioak aurkeztu ditu eta denetan onartu dituzte. Hor ere bada bertze datu deigarri bat. Egun, Nafarroan 51.366 lagunek hartzen dute guttieneko pentsioa eta horrek ere emakumeen aurpegia du; % 66 emakumezkoak dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun