Martxoak 8 (2024)

«Etxean geldituta ez dugu deus lortuko, egoera hobetzen saia gaitezen»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 10a, 10:00

Liria ASENSIO GOMEZ. Sortzez bizkaitarra beran bizi da

Ia bere ibilbide profesional guzia ostalaritzari lotua egin du Liria Asensiok. Sortzez bizkaitarra da, baina 53 urte daramatza Beran. Batxilergo ikasketak Bordelen (Frantzia) egin zituen: «Nire asmoa Bordelen unibertsitatean segitzea zen, baina attak Beran lurra erosi, etxe bat egin eta Botxo ostatua ireki zuen. 20 urterekin Berara etorri behar izan nuen».

Hasieran, «hiru urtez frantseseko klaseak eman nituen, Irungo La Salle ikastetxean, baina attak Botxon lana egin behar zela erran, eta hor hasi nintzen. Jubilatu arte hor aritu naiz, eta nirekin batera, senarra. Semeek ere probatu zuten, baina ez segitzea erabaki zuten». Gaur egun, ostatua errentan emana dute.

Bikotekideak eta biek bidea elkarrekin egin dute, «lana eta semeen zaintza partekatuz. Herri mugimenduan ere elkarrekin ibili gara eta hala segitzen dugu». Alde horretatik ez du generoen arteko alderik nabaritu: «Gure etxean denak hagitz feministak gara». Baina oro har, «zaintza, automatikoki, emakumeen esku gelditzen dela» ikusi du; «soldatetan ere bada aldea, baina jendea ez da hainbertze solastatzen soldataz».

Bertze desberdintasun bat ere sumatua du: «euskara ikasteko taldeetan, kultur ekitaldietan, ... gizonak apenas ikusten dira. Baina gero zerbait eskatu edo erabaki bat hartu behar denean, emakumeengan konfiantza edo ausardia falta sumatzen dut».

Pentsiodunen mugimenduan

Gaur egun, Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduan dabil buru-belarri, eta «pentsio ttikiena dutenak emakumeak» direla erakusten duen datu bat eman du: «Nafarroan 50.000 lagun baino gehiagok 1.080 eurotik beheitiko pentsioa dute eta horietatik % 66 emakumeak dira». Autonomoen egoera ere ez da ona: «Gu biok autonomoak gara eta ostatuaren errentari esker ongi bizitzen ahal gara. Bertze aunitz okerrago daude. 500 edo 600 euro kobratuko dituzte».

Horrek sortzen duen ezintasuna ikusita, Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak 1.080 euroko guttieneko pentsioa bermatzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari, «adibidez, norbaitek 800 euro kobratzen baditu, 1.080ra artekoa gobernuak ordaintzeko». Helburu horrekin, mozioak ere aurkeztu dituzte eskualdeko hainbat udaletan eta denek onartu izana «eskertu» du. Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduak izan duen bilakaera ere nabarmendu du: «Duela lau urte, elkarretaratzeak egiten hasi ginenean, sei-zortzi lagun izanen ginen, eta orain aldi bakoitzean 30 bat lagun elkartzen gara».

Aldi berean, «borrokaren beharraz» aritu da: «Etxean isilik, negarrez edo kexuka gelditzen bazara, ez duzu deus aitzinatuko. Baina mugitu eta jendearekin solastatzen bazara, lagundu eta parte hartzen baduzu, agian lortuko duzu». Aitortu digu «tristea» iruditzen zaiola «gehien behar dutenak ez mobilizatzea», baina bera konbentzituta dago zein den bidea. Honela mintzatu da, bereziki emakumeei zuzenduz: «Ez lotsatu, animatu eta atera karrikara egoera hobetzeko borroka egitera».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun