Martxoak 8 (2024)

«Aurreztu duen autonomoa duin bizi daiteke baina bertzela nahiko lanekin»

Ttipi-Ttapa 2024ko mar. 9a, 10:00

Elixabet BADIOLA LEON, Donezteben bizi den donostiarra

«Denboraldi labur batez bulego batean» lan egin zuen Elixabet Badiolak. Ondotik, «Donostiako Udal Aurrezki Kutxan helduen hezkuntzan» aritu zen eta aldi berean, «filosofia ikasketak» egin zituen. Duela 34 urte, ordea, Donostiako bizitza alde batera utzi, eta senarra eta bi alabekin, Donamariara etorri zen bizitzera.

Senarra eta biek zabaldu zuten Donamariako Benta, «lehenbizi jatetxea eta gero hotela». Aitortu du bere bizitza «etengabeko borroka» izan dela: «oso gazterik ezkondu nintzen, lana, ikasketak, bi alaba... Donamariara etorri ginenean dena martxan paratzea ere zaila eta gogorra izan zen. Niretako ez da deus erraza izan bizitza honetan, baina gauzak egiteko gogoarekin eta esfortzuarekin aitzinera egin dugu».
 
Literaturari lotuta

Bere ibilbidea ez du horretara mugatu eta «azken hamaika urteotan lau eleberri argitaratu ditut. Donostian bizi nintzenean olerki liburu bat ere argitaratu nuen». Hainbertze maite duen pasio horrekin segitzen du orain ere: «Gaur egun idazten segitzen dut. Elizondon idazketa tailer batean parte hartzen dut, baita Doneztebeko literatura tailerrean ere. Donostian Luisa Etxenikerekin bertze literatura ikastaro batera ere joaten naiz».

Hain zuzen, Doneztebeko tailerrean «emakumeek idatzitako liburuak irakurtzen» omen dituzte, eta momentu honetan literaturako Nobel saria hartu duen Annie Ernaux idazlearen Emakume izoztua liburua dute esku artean. Hango aipu bat ekarri nahi izan du gogora: «Ama izan eta bere ibilbide profesionala garatu nahi duen emakume baten zailtasunak kontatzen ditu eta bada gustatu zaidan esaldi bat: Ugalketa eta garapen profesionala antagonikoak dira, kontrako noranzkoan doazela eta kontziliaezinak direla». Badiolaren ustez, «argi adierazten du egoera». Horren harira, «libreago bizi izan diren bertze emakumeen liburuak irakurriz aunitz ikasten ari direla» gaineratu du, «emakumeago izaten laguntzen digute».

Emakume pentsiodunak

Emakume pentsiodunen egoera ere hizpide hartu du: «Batzuek lan eta soldata egokia izan dute eta jubilatuta, duin bizitzen ahal dira; bertze batzuk ez dute etxetik kanpo lanik egin eta menpekotasun ekonomiko ikaragarria duten senarrarekiko». Bere irudiko, «horiek dira mailarik baxuenean daudenak. Senarrak soldata ona baldin badu eta harekin harreman ona baldin badu, ongi, baina ongi moldatzen ez bada, zer?». Horren harira, bere amak errandakoa etorri zaio burura: «Niri amak ekonomikoki independentea izatea hagitz inportantea zela erakutsi zidan».

Eta autonomoen «egoera hagitz txarraz» ere aritu da: «Aurreztu duenak pixka bat dezente bizitzeko aukera izanen du, baina aurreztu ezin izan duenak nahiko lan. Badira bizitza osoa beraien negoziora dedikatu eta aldi berean etxeko lanez eta zaintzaz arduratu direnak, eta orain gelditu zaien pentsioarekin ezin dira duin bizi». Hala, aunitzek kobratzen duten «miseria» eta «bizi duten drama» salatu nahi izan ditu.

Ez da hori bakarrik. Pentsiodun aunitz «ekonomikoki seme-alabei laguntzen ari direla» ere aipatu nahi izan du, «seme-alaben soldata baxuekin ezin dutelako bizi. Beraz, pentsioa alde guzietara zabaltzen da». Are gehiago: «Antiojo batzuk, plantilla batzuk edo bertze edozein gauza behar baduzu, 800 euroko pentsioarekin bizirautea drama bat da».

Bide batez, emakume pentsiodunei «jakin-mina eta ikasteko gogoa mantentzeko eta harremanei eta afizioei tokia eginez beraien burua errespetatzeko» deia egin nahi izan die, «familiarekin eta lagunekin gozatzeaz gain, bakarrik egoten ikasteko eta gozatzeko. Gauden adinean bakarrik egoteak aunitz erakusten ahal digula uste dut». Berari dagokionez, «nire biziaz gozatzen segitu nahi dut, nire familiarekin eta nire lagunekin, neure buruan eta gainerakoetan sinesten segituz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun