Kontatu duenez, «gaur egun, jubilatuta, libertate gehiago dut. Gurasoak zaintzen urte batzuk egin ditut, baina orain gehiago mugitzen naiz. Beti oso parrandazalea izan naiz eta hala segitzen dut». Horrekin batera, harro kontatu du «lau biloba» dituela eta «alabari lagundu bidenabar Donostiara kontent» joaten dela haiengana.
Hamar urte baino ez zituela, baserrira joan zen, «gazteagoa zen lehengusuari eskolara joaten laguntzeko. Garai haietan ez zen orain bezala eskola garraiorik izaten, errepidetik egin behar zuen bide guzia eta lehengusuari eskolara laguntzeko baserrira joan nintzen. Urte hura baserrian pasatu nuen, eskolako bueltak eginez eta izebari pixka bat lagunduz». Hamaika urterekin, berriz herrira bueltatu zen, «tailerra eta autobusak zituzten beste izeba-osaben etxera. Gurasoak baserrira joan ziren, attona gaixotu zelako, eta ni herrian gelditu nintzen izeba-osabekin. Lau ume ttiki zituzten, berehalaxe bosgarrena etorri zen eta umeak paseatu, enkarguak egin... Horrela ibiltzen nintzen».
Hamazazpi urterekin altzari fabrika batean hasi zen, eta «36 urtera arte» aritu zen. Ondoko urteetan, ordea, «etxe aldetik» ibili zen: «Bi alaba izan nituen eta...». Berriz bueltatu zen kanpoko lanera eta «Aranoko eta Goizuetako baserrietako haurrak eskolara eramateko garraioan laguntzaile» eta «bospasei urtez neskato bat zaintzen» ibili zen. Lana bai, baina parranda ere bai: «Ni ongi bizitua naiz, ez dut deusen faltarik izan, lagun asko ditut eta parranda asko egindakoak gara. Eta orain ere segitzen dugu, baina beste modu batera: tarteka afariak eginez, pintxo potean ibiliz, inauterietan ateraz...».
«Pentsio asko ez dira nahikoak gastuak ordaintzeko»
65 urterekin hartu zuen erretiroa. Batean eta bestean lan egiteak pentsioa hartzeko bidea eman dio eta «senarrak eta biok kobratzen dugunarekin ongi bizi» direla dio. Baina jakitun da denak ez daudela egoera berean: «Bizia asko garestitzen ari da, gauza askoren prezioa bikoiztu eta besteak hirukoiztu egin dira eta pentsio asko ez dira nahikoak gastuak ordaintzeko; zer esanik ez alokairua ordaindu behar bada».
Gainerakoan, bere bidean ez du trabarik sumatu emakume izateagatik: «Fabrikan aritu nintzenean, emakumezkook eta gizonezkoek berdin kobratzen genuen». Halere, ezagutu ditu bestelako egoerak: «Eskola hamalau urterekin utzi nuen. Gure attak bi ahizpa zaharrenak josten ikastera bidali gintuen, nahiz eta niri ez gustatu. Anaiek herritik atera eta pixka bat gehixeago ikasteko aukera izan zuten, baina guk ez. Gure attaren eta garai hartako beste askoren pentsaera hori zen».
Berdintasunari erreparatuta, gaur egun «egoera pixka bat aldatzen ari dela» ikusten du, baina «oraindik aldatzeko gauza pila daude». Gehiago ere bai: «Denetariko kasuak izanen dira, baina oraindik ere agerikoa da gizonen eta emakumeen arteko aldea. Ez dakit behin ere lortuko den berdintasuna».
«Zer egina badela» ikusita, urtero bezala, seguru martxoaren 8an «zeozer morea jantzita» kalera atera zela Etxeberria: «Horrelakoetan parte hartzea inportantea iruditzen zait. Mundu hau pixka bat aldatu nahi badugu, zerbait egin beharko da. Protestarik gabe, ez dugu deus lortuko, eta hori emakumeen egunean bezala, gainerako guztietan».