Zahar etxeko borroka gogoan
Bere kasuan, eskolan ibili zen: «urte batzuez interna Mugairin eta hiru urtez Bilbon». Handik laster, «20 urterekin ezkondu eta bi ume izan nituen». Bateko eta bertzeko lanetan ibili zen, eta 28 urterekin «Elizondoko zahar etxean sartu nintzen». Bere hitzetan, «erabat feminizatua den lana da, eta emozionalki eta fisikoki gogorra». Hantxe aritu zen 2019an erabateko erretiroa hartu zuen arte. Datu bat eman du: «35-36 urte egin ditut zahar etxean, eta horietatik 33 borrokan. Hasi ginelarik egun bat eskas libratzen genuen eta egun osoa lan egiten genuen, ez xatarrik, ez eskularrurik... Baldintzak arras-arras gogorrak ziren. Pixkanaka, borrokatuz, baldintzak hobetzea lortu genuen, librantza gehiago eta ordu gutiago, baina bertze lan batzuekin konparatuz ordu pila egiten dira zahar etxean».
Duela 15-16 urte publikoa zen zahar etxea ez pribatizatzeko egindako borroka ere ez du atzendua: «Denak kontra ginen, baina pribatizatu zuten. Aldaketa handia izan zen, txarrerako». Bertzeak bertze, «adinekoekin genuen tratu pertsonala aldatu» zela kontatu du: «ahalik eta hoberena ematen saiatzen ginen, baina ezin genituen etxeko bat bezala tratatu. Ez zen denborarik horretarako eta ez zuten nahi, familiekin harremana izatea ez baitzitzaien interesatzen».
Orain, ordea, baikor da berriz publikoa baita: «Onerako izanen da. Baztanek bere zahar etxea behar du, ez sosa bertzerik nahi ez duten kanpoko bertze norbaitek kudeatua». Gaia hizpide hartuta, «animoak» bidali dizkie zahar etxeko langileei, eta «jendearen babesa» ere eskatu du, «lan gogorra da eta ez da ulertua».
Gazteekin kezkatua
Zahar etxetik kanpo, berdintasunari dagokionez «egoera okertzen» ari dela dio Gardek: «Gazteek kezkatzen naute, ikusten eta aditzen dudanagatik, ez baitira berdintasunaren aldekoak. Kezka handia sortzen dit mutiko gazteek neskak eta andreak errespetatzen ez dituztela ikusteak». Horrekin batera, «oraino gizonkiek aise baldintza hobeak» dituztela kritikatu du: «Gizonkiek gu baino gehiago direla uste dute, eta emaztekioi beti bertze begi batzuekin begiratzen digute. Oraino bada terrazan edo kanpoan jarrita bazaude, horregatik gaizki sentiaraziko zaituen jendea».
Pentsioekin ere emaztekiak makurrago
Pentsioen alorrean ere, makurrago ikusten ditu emaztekiak: «Bizi guzian gizonkiei gehiago ordaindu diete, eta ez dutenez geldialdirik egin, pentsio altuagoa dute. Emazteki aunitzek umeak edo gurasoak zaintzeko lana utzi dute eta bertze aunitzek ez dute lan ordaindurik egin eta deus gabe gelditu dira. Bada diferentzia ederra, eta alargun geldituta, zer erranik ez». Horregatik uste du «pentsio duinak izateko oraino aunitz borrokatu» behar dela, eta gehiago ere erran du: «ez da aski borrokatzen».
Egoera ikusita, «berdintasun gehiago» eskatu du: «Ea egoera hobetzen den eta behingoz emaztekiak bakean lasai bizitzen ahal garen».