Hurrenkera honetan ikusienak izan dira:
1- Jon Barberena bertsolaria eta idazlea hil da
Kolpe handia izan zen Jon Barberena elizondoarraren heriotza. Lanbidez irakaslea bazen ere bertze hamaika alorretan ibilitakoa zen: bertsolaritzan, literaturan, hainbat komunikabidetan kolaboratzailea, tartean, TTIPI-TTAPA aldizkarian eta Xorroxin Irratian... Irailaren 12an zendu zen.
2- Maiatzeko udal hauteskundeak
Bisita aunitz jaso zituzten udal hauteskundeei lotutako berriek ere. Apirilaren 24an herriz herriko zerrendak argitaratu zirenean, bisita ugari jaso zituen ERRAN.EUS atariak, baita maiatzaren 26ko gauean emaitzen jarraipena egindakoan ere.
3- Gure Zirkua Elizondora eta Leitzara etorriko da
Gure Zirkuaren arrakastaren lekukoa izan zen ERRAN.EUS ataria. Eskualdera bisitan etortzekoa zela iragarri orduko, bisitek nabarmen egin zuten goiti.
4- Bi zauritu Berako tunelaren irteeran izan den trafiko istripuan
Errepideetako istripuek ere klik anitz izan dituzte. Horien artean, irailaren 11n gertatutakoak. Bera parean, tunelaren Lesaka aldeko irteeran, kamioi batek tuneletik ateratzean orduantxe errepidea gurutzatzen ari zen autoa bete-betean jo zuen. Bi lagun zauritu ziren.
5- Zubigainekotik Berdintasunerantz
Aurten, lehendabizikoz, emakumezkoak Zubigainekoa dantzatu zuten Lesakako sanferminetan. Hiruzpalau urtez entseguetan parte hartu ondotik, bertze pauso bat eman zuten; ekitaldi nagusian parte hartuz eta, bide batez, Zubigainekotik berdintasunerantz bidea urratuz.
6- Hiru lagun zauritu dira N-121A errepidean gertatutako istripuan
Abenduaren 12an gertatu zen ezbeharra, Legasa parean. Zuhaitz bat auto gainera erortzearen ondorioz, gidaria harrapatuta gelditu zen autoaren barrenean. Zauririk larrienak gidari zihoan amak eta haren gibelean zihoan 10 urteko alabak izan zituzten, eta gibelean baina eskuin aldean zihoan 8 urteko semeak zauri arinak izan zituen.
7- Bidasoak gainezka egin du Bortzirietan, Malerrekan eta Bertizaranan eta zuhaitzak errepidera erori dira hainbat tokitan
Haize zakarrak eta euri jasek eragozpen ugari sortu zituzten abenduaren 13an eskualdean. Bidasoa ibaiak hainbat puntutan gainezka egin zuen. Hala nola, Beran, Etxalarko Bentak eta Lesaka lotzen dituen errepide zaharrean, Sunbillan, Donezteben eta Narbarten. Bertze toki anitzetan, berriz, zuhaitzak erori ziren eta erortzak ere izan ziren. Egunak utzitako irudiekin argazki bilduma osatu zuen TTIPI-TTAPAk ERRAN.EUS atarian eta bisita ugari jaso zituen.
8- 26 urteko gazte urroztarra hil da lan istripuan Lezon
Abuztuaren 30ean albiste ilun batek astindu zuen Urroz. 26 urteko herriko gazteari konpontzen ari zen gurpil pneumatikoa lehertu zitzaion eta eztandaren ondorioz zendu zen.
9- Jon Barberenari omenaldia eskaini diote Lekarozko institutuan
Lekarozko institutuan irakasle zen Jon Barberena eta bertan omenaldi hurbil, goxo eta sentitua eskaini zioten irailaren 16an ikasle eta lankideek.
10- «Talde antiespezista eta animalien eskubideen aldekoei gure baserritarrak errespetatzea eskatzen diegu»
San Tomas jaiaren atarian, Leitzako Udalak, Leitzaldeko baserritarrek eta LeitzEKO kontsumo taldeak osatzen duten Leitzako Bertatik Bertara dinamikak iritzi artikulua igorri zuen. Joan den urtean, San Tomas jaiaren harira, Leitzako baserritar batek txerria erakusgai Donostiara eraman behar zuela eta, jasan zuena gogora ekarri zuen, eta argi adierazi zuen mezua: «bat gatoz animalien esplotazioari egiten zaion kritikarekin» baina, aldi berean, «ez gatoz bat gure zonaldean eredu agroekologikoan eta eskala txikian ari den emakume baserritar baten aurka jotzearekin».