Jon Barberenari omenaldia eskaini diote Lekarozko institutuan

Fernando Anbustegi 2019ko ira. 17a, 10:30

Lekarozko institutuan irakasle zen Jon Barberena eta bertan omenaldi hurbil, goxo eta sentitua eskaini zioten irailaren 16an ikasle eta lankideek. Testua eta argazkiak: Fernando Anbustegi

Astelehen goizean 500 ikasle baino gehiago eta irakasleak ikastetxeko gimnasioan elkartu ziren, Joni maitasuna agertzera, Jon gogoratzera, Jon merezi zuen bezala agurtzera. Jonen jarduna izan zen omenaldiaren ardatza. Bere lankide izan zirenek goxotasun osoz prestatutako ekitaldia izan zen. Eta Jon bertan izan zen, proiektore bidez, baina presente. Bertsotan, olerkiak errezitatzen, denen belarri, begi eta bihotzetan.

Omenaldiaren bigarren zatia lorategian egin zuten. Jon Barberenaren olerkiak errezitatu zituzten ikasle eta irakasleek, banan-bana, lorategian eraikitako poemategian arrosak jarriz. Iruritako eskolan ttikitatik ikasle izan zituen eta dagoeneko koxkortuak daudenek bertso hunkigarri batzuk eskaini zizkioten, eta ohorezko aurreskua ere dantzatu zioten. Joni eskerrak emanez akitu zuten omenaldi xume, eder eta sentikorra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun