Honela dio Leitzako Bertatik Bertara foroaren idatziak:
Beste urte ziklo bat itxiz, San Martin pasa zen eta San Tomas ate joka dugu. Tradizio handiko eguna Euskal Herrian. Txerriaren eta txerrikien artean hain preziatua den txistorraren eta arto irinaz egindako taloaren inguruan egiten den festa handia toki askotan. Horietako bat dugu Donostian egiten den jai giroko ospakizuna. Txistorra, postu guztietako izarra, baina horrekin batera azoka berezia ere egin izan ohi da. Izan ere, aspaldiko ohitura da baserrietako animali, hegazti eta sasoiko barazki eta frutak hirira ekartzekoa, elikagaiak nondik datozen ahaztu ez dezagun. Eta, noski, protagonista nagusia txerria, iraganean gure baserritar eta herritarrentzat proteina iturri nagusia izan zena.
«San Tomas egunean Donostiako Konstituzio plazan horrenbeste maitasunez zaindutako txerri hori ez dator egun hainbeste kritika sortzen duten ustiategi industrial batetik»
Joan deneko 16 urteetan txerri hori Leitzako baserri txiki batetik eramana izan da. Urte guzti horietan, harrotasun handiaz erakutsi izan da Konstituzio plazan horrenbeste maitasunez zaindutako animalia. Txerri hori ez dator egun hainbeste kritika sortzen duten ustiategi industrial batetik, emakume baserritar batek gobernatzen duen baserri txiki batetik baizik.
Bai, Nafarroako mendialdean oraindik, eta nekez, bizirik dirauen baserri txiki eta dibertsifikatu horietako batetik, non animalien bizi-baldintzak eta zikloak errespetatzen diren. Aire zabalean haziak dira animaliak eta hegaztiak bertan, gure belar-soro eta mendiko larreetan bazkatzen dira, negu partean udan jasotako bazkaz mantentzen direlarik. Ekaitzetatik eta erauntsietatik, izozte eta elurteetatik babestuak dira ukuilu, borda eta estalpeetan. Erditze garaian baserritarra emagin bihurtzen da bere tropa artatzeko, eta gaixoaldietan erizain eta mediku ere bai. Animaliak zein hegaztiak etxeko bat gehiago dira, familiako zati bat. Horregatik zaintzen ditu maitasun osoz. Baserritar horiek tokiko arrazekin lan egiten dute, haien biziraupenaren zaindari bilakatuz. Eta haien gorotzarekin elikatzen dute lurra, emankor eta bizitzaz betea izan dadin. Modu horretan mendeetan barrena iraun duen ziklo jasangarria itxiz.
«Abeltzaintza eredu horrek berebiziko garrantzia du gure herrientzat»
Abeltzaintza eredu horrek berebiziko garrantzia du gure herrientzat. Kalitate handiko elikagaiak herritarren eskura jartzeaz gainera, biodibertsitatearen eta emankortasunaren bermatzaile ez ezik, gure mendi eta zelaiak garbitzeko ere ezin hobeak eta jasangarriagoak dira.
Azken hori ez da kontu estetiko huts bat. Mendietan gero eta abere gutxiago dabil eta larreak gero eta zikinagoak daude. Eragiketa horri aldaketa klimatikoak sortzen dituen lehortze zikloak gehitzen badizkiogu, kontrolatzeko oso zailak suertatzen diren suteak ditugu. Bide horretan, abeltzaintza estentsiboa aliatu handiena dugu, su-ebaki eraginkorrenak mendietako larreak baitira.
Horrenbestez, eta abeltzaintza eredu horrek komunitate osoari dakarzkion onura guzti horiengatik, azken urteetan eredu horretan oinarritutako elikadura balioan jartzeko eta sustatzeko lanketa sakon bat egiten ari gara gure zonaldean. Modu parte-hartzailean eta auzolanez, baserritarrek beti egin izan duten moduan. Gure zonaldearen garapen iraunkorrerako zutabe garrantzitsu bat dela oso kontziente garelako.
«Baserri eredu horrek badu etsai handi bat. Kontsumo eredu kapitalistak bultzatzen duen abeltzaintza industriala, hain zuzen ere»
Alabaina, onurak onura, baserri eredu horrek badu etsai handi bat. Kontsumo eredu kapitalistak bultzatzen duen abeltzaintza industriala, hain zuzen ere. Abeltzaintza industrial horrek azken hamarkadetan hartu duen indarrak eta garapenak, prezioetan eta gainerako erabakietan duen eraginak eta horren alde egiten diren politikek, abeltzaintza eredu estentsiboa eta eskala txikikoa nabarmen ahuldu dute.
Azken aldian, gainera, zenbait mugimendu antiespezistek eta animalistek guk babesten dugun ereduaren aurka jo dute, lehendik zaila zen egoera are zailago bihurtuz.
Eta horixe da hain zuzen ere, San Tomas jaiaren harira, joan den urtean gure herritar batek txerria erakusgai Donostiara eraman behar zuela eta jasan zuena. Etxe atarian, gauez, eraso bat pairatu zuen bere ondarearen kontra. Aurtengo San Tomas jaia ere segituan izanen dugu eta ez genuke ordukoa errepikatzea nahi. Horregatik erabaki dugu idatzi honen bidez gure iritzia plazaratzea. Gogoratuz, gainera, jai eredu zehatz batekin ados ez egotea zilegi bada ere, gure herriko emakume hau ez dela jarduera edo ekitaldi horren antolatzailea edo arduraduna, beste hainbeste bezala lanean ari den langile bat, baserritar bat, baizik.
Horiek guztiak horrela, adierazi nahi dugu gu baita ere bat gatozela animalien esplotazioari egiten zaion kritikarekin. Baina aurretik azaldu dugun moduan, eredu guztietan animaliak ez dira berdin tratatuak eta erabilera guztiek ez dituzte ondorio berdinak: ez animaliengan, ez ingurugiroan, ez ekonomian, ez eta gizakion osasunean ere. Animaliak esplotaziorik gabe eta ongi zainduak nonbait badaude, estentsiboan eta eskala txikian egiten den abeltzaintza eredu horri esker da. Beraz, ez gatoz bat gure zonaldean eredu agroekologikoan eta eskala txikian ari den emakume baserritar baten aurka jotzearekin. Uste dugu okerreko tokira etorri direla, gure baserritarrak ez direlako animalien eskubideen etsaiak, aliatu ezin hobeak baizik.
«Gure herrikideen kontra jo beharrean, etor daitezela haien lana eta bere onurak gurekin ezagutzera»
Beraz, eta bukatzen joateko, idatzi honetan adierazi diren arrazoi guzti horiek tarteko, talde antiespezista eta animalien eskubideen aldekoei eskatzen diegu gure baserritarrak eta haien lan eskerga errespetatzea. Eta zentzu horretan, gonbidapen bikoitza egiten diegu: gure herrikideen kontra jo beharrean, etor daitezela haien lana eta bere onurak gurekin ezagutzera, eta egun gure gizarte eta planetaren osasunak dituen hainbat arazoren aurrean konponbide izan daitezkeenen etsai ez bilakatzea.