Heziketa Fisikoan diplomatua; gizarte eta kultur antropologian lizentziatua; eta Bergarako UNEDen idazle eskolako graduondoa zuen.
Bertsolaria eta idazlea
Baztango bertso eskolako kide eta irakasle izateaz gain, Nafarroako Bertsolari Txapelketan txapeldunorde izan zen bi urtez segidan (2007an eta 2008an). Aitzinetik sariak ere irabaziak zituen: Mariano Izeta Saria (2004) eta Xalto Saria (2003). Ahoz zein idatziz aitortuak izan dira bere lanak: Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan bi aldiz lehendabiziko saria lortu zuen bertso-paperen modalitatean (2004an Algecirasko Karmele lanarekin; eta 2005ean Europa aldetik dator Thaimiren gutuna lanarekin). Lehiaketa berean bigarren saria eskuratu zuen 2003an, Euskal Herriko konpota lanarekin.
Poesia lanetan ere trebea zen. Iaz Mungiako Udalak antolatutako Lauaxeta Olerki Sariketa irabazi zuen (Neguko gaba). Lehendik ere bazituen bertze zenbait sari lortuak. Iruñeko Udalak antolatutako Egile Berrientzako Literatur Lehiaketan bitan sari nagusia irabazi zuen (2011n Emaztekien oihu mutuak sorkuntzarekin eta 2015ean ( ) utsunea lanarekin). 2013an beretzat izan zen bigarren saria jasotzeko bide eman zion Kontraerranak poesiak. Duela hiru urte Nafar Ateneoak eta Iruñeko Udalak antolatutako Iruñea Hiria I. Nazioarteko Poesia Sariketa irabazi zuen, Izoztu zitzaigun negu hura lana aurkeztuta.
Azken sari hori irabazteari esker, 2016an izenburu bera zuen liburua kaleratu zuen Denonartean argitaletxearekin.
Kolaboratzailea
2018ko martxotik Ttipi-Ttapan kolaborazioak egin ditu, iritzi saileko 'Nire txanda' atalean; eta aitzinetik 'Bota bertsoa' txokoan ere ale ederrak utzi ditu. Nafarroako Hitzan ere ari zen. Xorroxin Irratian ere urte aunitzetan izan da kolaboratzailea, batez ere Ti-ta iritzi tartean.
Ikus-entzunezko lanetan ere parte hartu du. Bertzeak bertze, eskualdeari lotuta, 2012an Baztan pelikulako soinu-bandaren letra egin zuen; 2015ean Elizondon egin zen Nafarroa Oinezen abestiaren hitzak ere bereak ziren; eta 2004an Baztandarren Biltzarrerako sortu zuten kantaren letrak berari zor zaizkio.
Esker onak
Ttipi-Ttapa aldizkariko eta Xorroxin Irratiko lan-taldeeen izenean, eskerrak gure ibilbidean eskaini diguzun laguntzagatik. Gurekin eta irakurle zein entzuleekin partekatu dituzun ideia, hitz eta solasak oroimenean iltzatuko ditugu. Doluminak familiari eta lagunei.