Nafarroako Bertsolari txapelketako finala martxoaren 23an jokatuko da Iruñean

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 21a, 14:00
Finalean bertsotan ariko diren zortzi bertsolariak Iruñeko Anaitasunan izan dira argazkiak ateratzen.

Anaitasuna kiroldegian hasiko da 17:00etan eta gaur egin dute aurkezpena leku berean, zortzi bertsolariekin.

 

Martxoaren 3an Atarrabian, martxoaren 9an Etxarri-Aranatzen eta martxoaren 10ean jendez gainezka egin zuen Lesakako Harriondoa Kultur Etxean burutu zituzten Nafarroako Bertsolari txapelketako finalaurrekoak. Horrenbertzez, osatua da martxoaren 23ko Iruñeko Anaitasunan jokatuko den finalean arituko diren zortzi bertsolarien zerrenda.

Hiru finalaurrekoetako irabazleei (Eneko Lazkoz, Xabier Terreros eta Joanes Illarregi, hurrenez hurren), sailkapenaren araberako bertze bortz bertsolari gehitu zaizkie. Ondorioz, hauek izanen dira txapelaren bila jardungo dutenak: Eneko Lazkoz Martinez (Etxarri-Aranatz), Xabier Terreros Gartzia (Lesaka), Joanes Illarregi Marzol (Leitza), Eneko Fernandez Maritxalar (Lesaka), Julio Soto Ezkurdia (Gorriti), Xabat Illarregi Marzol (Leitza), Julen Zelaieta Iriarte (Bera) eta Xabi Maia Etxeberria (Elizondo). Alaitz Rekondo Ferrero lesakarrak beteko du gai-jartzaile lana eta Fernando Anbustegi Goñi elizondoarrak aurkezlearena.

 

Sarrerak aitzinetik eta egunean leihatilean

Martxoaren 23an jokatuko da finala, 17:00etatik aitzinera Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian, eta baita ondorengo salmenta puntuetan ere: Karrikiri denda (Iruñea), Fantxike denda (Elizondo), Okindegia (Lesaka), Maimur liburudenda (Leitza), Xapatero taberna (Etxarri Aranatz) eta Olgarenea natur-denda (Lizarra). Larunbatean bertan, Anaitasunako leihatilak eta ateak 15:30ean irekiko dituzte. Kiroldegiko ostatua saioaren aitzinetik bakarrik irekiko dela ere jakinarazi dute Nafarroako Bertsozale Elkartetik.

Bitartean, eskuragai duzue txapelketako informazio eguneratua, www.bertsozale.eus atarian.

 

Joxema Leitzak paratuko dio txapela txapeldunari

Joxema Leitza Razkinek (Arbitzu, 1971) izanen du larunbatean txapeldunari txapela janzteko ardura. Nafarroako Bertsozale Elkarteak aitortza egin nahi dio gisa horretara 1995etik aitzinera bertsolari, gai-jartzaile, epaile, eragile eta bertso eskoletako irakasle izan denari. Joan den urtera arte, arlo batean ez bada bertzean, Bertsozale Elkartearen inguruan lanean aritu da Leitza eta hori eskertu nahi diote finalaren ondotik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun