«Gure bertsoek merezi dugun lekuan jarriko gaituzte»

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 16a, 13:30
Eneko Fernandez.

Eneko FERNANDEZ

Ibilbide «baldintzatua» egin du orain artean Fernandezek eta «txanponaren bi aldeak probatuta» doa igandeko finalera.

Nola baloratzen duzu orain artean txapelketan egin duzun ibilbidea? 
Aurten prestakuntza berezia izan dut, osasun arazoak medio urtarrilera arte bajan egon naiz eta oraindik osatu gabe nago. Horrek bidea nahi bezain bertze ez gozatzea ekarri dit. Era berean, bi saioetan inoiz baino lasaiago kantatu dut ta gustora egon naiz. Txanponaren bi aldik probatuta nator finalera.
 
Finaleko ateetan zein sentsazio duzu?
Sentsazio gazi gozoak. Bertsotan gustora nabil bino oinazeak ezin ditut gainetik kendu ta saio bukaerara indarrez hagitz justu ailegatzen naiz. Iruñeko oholtzan ahalik eta indartsuen egon nahiko nuke, eta orain arteko tenple berarekin. 
 
Nola joan dira finalerako prestaketak?
Prestakuntza ongi joan da, osasunak baldintzatuta. Lagunekin prestakuntzaren ibilbidea egitea beti da aberasgarria. 
 
Nor ikusten duzu edo dituzu punta- puntan?
Bi faborito garbi daude, Julio Soto ta Eneko Lazkoz, eta bi gazte indartsu, illarregitarrak. Hortik aitzinera, denok hasten gara zerotik eta gure bertsoek jarriko gaituzte merezi dugun lekuan, aitzinetik deus baztertu gabe. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun