«Aurten txapela arras lehiatua ikusten dut»

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 16a, 13:45
Xabier Maiak aurtengo txapela «lehiatua» ikusten du.

Xabier MAIA 

«Finalerako esperantza gogorrik gabe» bazegoen ere, txartela eskuratzea lortu zuen Xabier Maiak. Berriz «aktibatuta» prestaketei ekin dio «ahalik eta saiorik onena egiteko eta oroitzapen gozo bat izan eta uzteko». 

Nola ikusi duzu zure burua txapelketan?
Orokorrean aurtengo txapelketak gozotik aunitz izan du. Inoiz baino lasaiago hartu dut, bai prestaketan baita oholtzako saioetan ere. Fresko sentitu dut nire burua, tenple onarekin bertsokidea entzuteko eta erantzuteko, eta hori guttitan pasatzen da txapelketan. Eta azpitik goiti noanaren barne-sentsazioakin, Atarrabian Iruritan baino finago sumatu nuen nire burua.
 
Finalera begira zer sentsazio dituzu?
Finala bertze kontu bat da. Gozatu hutsa da han egotea, baina aldi berean erronka bat ere bezala hartzen dut, bertsotan egin behar baita, Nafarroako bertsolaritzaren erakuslehio haundiena baita. Nire buruari, entzulearekiko konpromisoz, ahalik eta saiorik onena egitea eskatuko diot. Gozatu nahi nuke egun hortaz, oroitzapen on bat eduki eta utzi.
 
Finalerako prestaketak nolakoak izaten ari dira?
Finalerdiak eta gero eten ttiki bat egin nuen, ez bainuen esperantza gogorrik finalerako. Eta behin finalerako txartela lortuta, berriz aktibatzea tokatu da, baina aparteko lan berezirik egin gabe. Orain arteko martxa segituz. 
 
Nor ikusten dituzu igandean punta-puntan? 
Goitian lau izen bereiztuko nituzke. Soto, Lazkoz, Terre eta Joanes. Lenbiziko hirurek badakite zer den buruz burukoa jokatzea, eta sobran dakigu zer maila eta sendotasuna duten eta zer emateko gai diren. Joanesek, maila izateaz gain, freskotasun eta presiorik eza izan ditzake lagun, eta buruz burukorako hautagai ikusten dut. Aurten txapela arras lehiatua ikusten dut.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun