Orain arteko ibilbidean nola sentitu zara?
Orain arte txapelketan oso gustora sentitu naiz gorabeherak gorabehera eta salbuespenak salbuespen. Final laurdenetan ofizioetan gustorago sentitu nintzen bakarka baino, eta final erdietan alderantziz. Baina lehen txapeketa izateko nahiko sentsazio onak izan ditut egia esan, eta emaitzarekin oso pozik, zer esanik ez.
Nola ikusten duzu zure burua?
Nere burua sendo ikusten dut, edo hala ikusi nahi dut gutxienez, bestela ezer egitekorik ez baitaukat, nire buruan ez sinetsiz gero... Gogotsu nago egia esan Anaitasunako plaza handi hori probatzeko, jendea bilduz gero plaza ederra geldituko delakoan nago eta gozatzeko gogoa dut, baina bertsotan eginez, horrela goza baitezake bertsolari batek. Nire finalerako erronka finalak eta bertan bildutako hainbeste sentsazio, sentimendu eta emozioek gain ez hartzea nahiko nuke, kontzentratuta aritu nahiko nuke, ondokoa adituz eta erantzunez, lasai.
Nola doaz finalerako prestaketak?
Egia esan ez da finala prestatu dudan zerbait, orokorrean txapelketarako prestatu naiz, ariketa berdinak direnez saio guztietan, betiko entrenamenduak egin ditut bertso eskolako lagunekin eta hizketaldi batzuk ere egin ditugu. Horrez gain, nire burua han irudikatzen saiatu naiz, oholtzara igotzeko ariketa ez dadin izan hain bortitza.
Sailkapenaren aurreikuspenik eginen duzu?
Finalerako aurreikuspenik egitea beti da zaila, gainera jakinik ze maila dagoen, gehiago. Bertsolari handiak bilduko dira Anaitasunan eta bat baino gehiago ikusten ditut txapelerako aukeran, eta niretzako gordeko dut apustua, finala pasatakoan esango dut ea asmatu dudan hala ez...
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!