«Finala ezusteko sari bezala hartu dut eta hori gozatu nahi nuke»

Ttipi-Ttapa 2019ko mar. 16a, 12:30
Julen Zelaieta, txapelketako kanporaketa batean.

Julen ZELAIETA

Finalerako erronka garbia eta zuzena jarri dio Zelaietak bere buruari: «gozatu eta niregandik zerbait utzi nahi nuke». Azken sailkapena aurreikustea «hagitz zaila» bada ere, «Julio Soto eta Eneko Lazkoz» ikusten ditu punta-puntan, «Xabier Terreros eta Joanes Illarregi, berriz, buruz burukorako borrokan». 

Nola baloratuko zenuke orain arte txapelketan egin duzun ibilbidea?

Kanpora begira ona, baina barrura begira deseroso samarra. Lizarrako kanporaketan, prestaketa behar baino beranduago hasi nuenaren sentipena tarteko, saioan zehar segurtasun falta haundia sumatu nuen. Etxarriko final erdiaren aitzinetik, segurtasun falta horrek nire kezkak eragin zizkidan baina gero saioan eroso eta seguru sentitu nuen nire burua. Emaitzari begira, momentuz txapelketarekin hagitz konten nago. 

Finaleko ateetan zein sentsazio duzu?  

Larunbata ailegatzeko gogoz nago. Lehenengo finalean nuen ilusio berarekin hartuko dut aurtengoa ere; deus galtzekorik ez eta saio polit bat egiteko nahiarekin. Finala ezusteko sari gisara hartu dut eta finaleko plaza gozatu nahiko nuke.Txapelketa batzuk baditut eta azken urteetan finalerako txartela garesti dagoenez, eta gazteei lekua uzteko ordua ailegatu denez, badakit horrelako aukera gutti izanen ditudala aurrerantzean, beraz, aukera baliatu beharko! Finalaz gozatu eta niregandik zerbait uztea da finalari begira nire buruari jarri diodan erronka. Aitzineko final guzietan helburu horrekin joan naiz: nire saioa egin eta bertsoaldi politak uztera. Finaleko zortzikotea ikusita helburua betetzeko modukoa dela ikusten dut. Emaitza espero baino hobea bada, ongi etorria, eta ez bada hala, pena pixka bat izanen dut, baina tira, saiatuko gara ahal den hobekien egiten.

Nola joan dira finalerako prestaketak?

Izen eman orduko (urrirako) burua hortan jarri nuen. Udako geldialdiko “erdoila” kendu, bertsoak leitu, aditu, txip aldaketa egin; ohiko bertsokeratik txapelketako bertsokerara aldatu... horrela hasi nintzen. Bizpahiru bertso eskoletan eta ibili naiz eta normalean baino gustorago. Beran, Lesakan eta Irunen nabil bertso eskoletan. Tartekatzen ibiltzen naiz eta azkenean astean bi bertso eskola egiten ditut. Hori bai, etxeko lan gehiago egin ez izanaren pena pixkot badut.Hoiek behar baino beranduago hasi nituela pentsatzen dut. Azkenean, etxean lanik ez bada egiten alferrik dira bertso eskolarako bueltak.

Finaleko sailkapenaren aurreikuspenik eginen zenuke? Nor ikusten duzu edo dituzu punta-puntan eta zergatik?

Nik uste aurreikuspenik egitea zaila dela. Denak zerotik hasiko gara, beraz, finalerdietako sailkapena ezin da erreferentziatzat hartu, nahiz eta ideia bat egiteko balio duen. Nik Julio Soto eta Eneko Lazkoz ikusten ditut hor goian. Ez dira alferrik azken txapelketako txapelduna eta txapeldunordea. Gainerakoekin aldiz, Xabier Terreros, Joanes Illarregi.. saio eder bat eginez gero, hor ikusten ditut buruz burukorako borrokan. Egun bateko kontua da eta buruz burukora arteko 14 bertsotan edozer gauza gerta daiteke .

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun