Martxan da Euskarabenturaren zazpigarren edizioa, euskara motxilan sartuta, Euskal Herria ezagutzeko espedizioa. Belaunaldi gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko helburuarekin, uztailaren 1ean eman zioten hasiera Atharratzen (Zuberoa) eta hilabete osoko abentura izanen da. Uztailaren 31n borobilduko dute Getxon (Bizkaia), pausoz pauso eta alderik alde Euskal Herria gurutzatzatu ondotik. Dagoeneko abenturaren erdia egina dute.
126 partaide edo 'jzioquitar'
Kamiseta laranja soinean, Euskal Herri osoko 126 gazte edo jzioquitar ari dira parte hartzen. Hala deitzen diote espedizioko parte hartzaileei. Eta Euskarabenturak adierazi duenez, «hainbat errealitate linguistiko, sozial, ekonomiko eta kulturaletakoak dira». Bizkaitarrak dira gehienak, 43; Gipuzkoatik 26 dira, Nafarroatik 24, Arabatik eta Lapurditik hamahiruna, Baxenabarretik bortz eta Zuberoatik bi. Aurten ez dago diasporako kiderik, baina antolatzaileek nabarmendu dute aurtengo edizioan inoiz baino Ipar Euskal Herriko kide gehiago direla: «20 jzioquitar izanen dira espedizioan». Gainerakoan, taldearen gehiengoa emakumezkoak dira, zehazki 77 (% 61,1) eta gizonezkoak 49 (% 38,9).
Eskualdetik bortz partaide eta xerpa bat
Parte hartzaileen edo jzioquitarren artean, TTIPI-TTAPAk hartzen duen eremuko bortz lagun daude: Beintza-Labaiengo, Doneztebeko eta Gazteluko gazte bana, eta Senpereko bertze bi. Haiekin batera, 28 heldu ari dira lantalde urdinean, horretarako formazio berezia hartutakoak: bi koordinatzaile, hamabi xerpa edo begirale, bi xerpa laguntzaile, bi xerpa buru, bi mediku, hiru erizain, bi gidari, argazkilaria, kameraria eta komunikazio arduraduna. Eta horien artean, bada bertze eskualdeko bat: Maddi Larralde Apezetxea xerpa, aranztarra. Lehendik ere ardura horretan ibilia.
Lesaka, Urdazubi, Amaiur
Joan den urtean bezala, Atharratzen hasi dute aurten espedizioa, eta hala, Zuberoan etapa bat gehiago egin du Euskarabenturak eta aurten Abaurregainan (Nafarroa) izan dira lehenbiziko aldiz. Espedizioa hasi zutenetik, Zuberoa, Baxenabarre, Nafarroa Garaia, Araba eta Gipuzkoa aldean ibili dira Euskarabenturako kideak. Denetara 27 herritan pasatzekoa dute arratsa eta eskualdean ere eginen dute egonaldia, eta luze gabe gainera.
Ortzirale honetan, uztailaren 18an, Oiartzundik Lesakara ailegatuko dira. Arratsa Lesakan pasatuko dute eta biharamunean, larunbatean, uztailaren 19an, Lesakatik Urdazubira joanen dira. Urdazubin pasatuko dute eguna eta han lo eginda, igandean, uztailaren 20an, Urdazubitik Amaiurrera abiatuko dira oinez. Horixe izanen da eskualdean barna eginen duten bidea. Amaiurtik, autobusez, Baionara abiatuko dira. Lapurditik Gipuzkoa aldera joko dute berriz, eta handik Bizkaira. Bizkaian bukatuko dute marea laranja.
Toki bakoitzean gonbidatu bereziak izaten dituzte, eta solasaldiez, tailerrez edo emanaldiez gozatzeko aukera ere badute jzioquitarrek.
Primeran plataforman ikusgai
Euskarabenturak EITBrekin hitzarmena sinatu du eta aurtengo espedizioaren inguruko lau saio emanen dituzte Primeran plataforman,«hasi aitzineko sentimenduak, espedizioaren egunerokoa, lagun berriak egitea...» bilduz. Gisa horretara, antolatzaileek erran dutenez, «espediziotik kanpo dauden gazteengana ailegatu eta euskaldunen sareak elikatzen segitzea da asmoa».
Bi saio espedizioak Euskal Herria zeharkatzen duen bitartean ematekoak dituzte: lehenbiziko uztailaren 10ean ematekoa zuten eta 24an estreinatuko dute bigarrena. Hirugarrena abuztuan paratuko dute ikusgai eta irailean laugarrena eta azkena.
Hilabete erdia du oraindik gozatzeko marea laranjak eta haien arrimuan urdinak. Uztailaren 31n Getxon emanen dituzte azken pausoak.