«Saskibaloian aritzea eta denbora dudalarik mendira ibiltzera joatea» dira Clara Azareteren (Senpere, 2008) afizioak. Eta ibiltzeko aukera ederra du egun hauetan Euskarabentura espedizioan. Lizeoan zela, neska bat joan omen zitzaien proiektua presentatzera, eta hortik landa, parte hartzeko «sekulako gogoa» sentitu zuen Senpereko gazteak: «Alde batetik, maite dudalako ibiltzea; bertzetik, nire euskal kultura garatzeko; eta azkenik, lagunak egiteko».
Goiz batean, mendian «galdua» zen batean, errezibitu zuen aukeratua izan zela erranez mezua: «Nahi nuen, baina ez nekien batere aukeratua izanen nintzenez ala ez» eta berria hartuta «biziki kontent» jarri zen. Bere kasuan, «klimari buruzko olerkia» aurkeztu zuen, «errazena iduri zitzaidalako, eta gai horrek inspiratzen ninduelako gehien».
Bertzalde, euskara ere hizpide hartu du: «Gehienetan lizeoan euskaraz mintzatzen naiz, batzuetan lagunekin eta nire anaiarekin ere bai. Baina etxean ezin dut hainbertze erabili, nire burasoek ez dakitelako sobera euskaraz». Hala, Euskarabenturan «euskara garatu» nahi lukeela adierazi du, «ikusi bertzeek nola erabiltzen duten haien eskualdeetan, nire ezagutzak handitu». Baina ez hori bakarrik: «Lagunak egiteko eta nire telefonotik urruntzeko» ere probestu nahi du espedizioa, «jende berria ezagutzeko. «Espero dut denok gozatuko dugula».