EuskarAbentura

«Ongi pasatzea eta jendea ezagutzea dira nire helburuak»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 17a, 17:00

Lur GAITE LOIRA I Jzioquitarra I Gaztelu

«Kirola egitea, musika aditzea, marraztea, sukaldean aritzea, leitzea eta gehienbat ongi pasatzea» gustatzen zaio Lur Gaite Loirari (Gaztelu, 2009). Eta Euskarabenturan ere «ongi pasatzea» du helburu, «jendea ezagutzea eta kilometro guziak aguantatzea». Aitortu duenez, «bertze esperientzia bat bizitzeko eta jendea ezagutzeko» eman zuen izena; «gainera, hagitz interesgarria iruditzen zait Euskal Herriko lekuak ezagutzea». Gogotsu eman zuen izena eta aukeratua izan zela erran ziotenean «arrunt kontent» jarri zela kontatu du: «Egia erran ez nekien aukeratua izanen nintzen edo ez; nik gustuko nuen aurkeztu nuen lana, baina ez nekien haiei gustatuko zitzaien».

Beldurra gaia aukeratu zuen bere sormen lanean: «Ipuinak, olerkiak eta kantak egin nituen, baina horietako bakar bat bera ere ez nuen arrunt gustukoa. Azkenean, artelan bat sortu nuen». Huraxe aurkeztu zuen, eta huraxe aukeratu zuten. Euskarari lotutako espedizioa izaki, «euskaraz bizi» dela onartu du 15 urteko gazteluarrak; «etxean, lagunartean, eskolan eta bertze jardueratan euskaraz» egiten duela, «baita musika aditu, leitu eta batzuetan telebista ikusi ere». Alde horretatik, ez ditu hizkuntz ohiturak aldatu izanen Euskarabenturan. Gainerakoan, «esperientzia ederra» izatea da bere ametsa eta «pila bat disfrutatu» nahi du. Gehiago ere erran du: «Hasieran gogorra izan arren, argi dut hagitz ongi pasatuko dudala».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun