EuskarAbentura

«Hemendik urte batzuetara kontent egonen naiz espedizioa egiteagatik»

Ttipi-Ttapa 2025ko uzt. 17a, 16:00

Eneko ZULAIKA IRIGOIEN I Jzioquitarra I Doneztebe

«Kirolzalea eta musikazalea» dela erranez aurkeztu du bere burua Eneko Zulaika Irigoienek (Doneztebe, 2009), «ttikitan futbolean eta orain eskubaloian» aritzen dela, eta «ttiki-ttikitatik judoan» ere aritu dela. Horrez gain, «bateria jotzen dut». Hilabete honetan, ordea, Euskarabenturan murgilduta dabil, Aritz, Eki eta Unax anaia zaharrenen lekukoa hartuta. Bere hiru anaiak ibili dira Euskarabenturan, eta kontatu duenez, «beti ongi solastatu izan dira Euskarabenturari buruz». Hain zuzen, haien «komentario onak» adituta erabaki zuen parte hartzea, berak ere «esperientzia bizi» nahi duelako.

Apirilean jakinarazi zuten aukeratuen zerrenda. Onartu du bere «izenaren bila» ibili zela, eta ikusi zuenean, «arrunt kontent» jarri zela. Aurkeztutako sormen lanarekin ere «nahiko konforme» gelditu omen zen: «Nire kasuan beldurrari buruzko lan bat egin nuen. Eguneroko bat eskribitu nuen nire egunerokoan nolako beldurrak agertzen diren kontatuz». Euskarari lotuta, berriz, bere ingurua «euskalduna» dela eta «euskara aunitz aditzen» dela adierazi du, baina «gazteen artean gero eta erdara gehiago» erabiltzen dela ere gaineratu du.

Hori aipatuta, garbi utzi du zein den Euskarabenturan bere helburua: «Euskal Herriko jendea ezagutzea eta aldi berean, Euskal Herriko xokoak bisitatzea». Hori gogoan, «esperientzia ikaragarria» izanen dela eta «aunitz gozatuko» duela iruditzen zaio: «Hemendik urte batzuetara arrunt kontent egonen naiz espedizioa egin dudalako». 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun