«Etenik gabeko saretzea». Hitz guttitan, halaxe esplikatu du Euskarabentura zer den beretzat Maddi Larralde Apezetxeak (Arantza, 2003). Ezaguna du espedizioa, parte hartzaile edo jzioquitar izana delakoz eta ez hori bakarrik, hiru aldiz xerpa edo begirale ere bai. Aurtengoa kamiseta urdina soinean bere laugarren edizioa du.
'Jzioquitar' izatetik xerpa izatera
Duela sei urte izan zen jzioquitar, 2019an. «Aitzineko urtean Euskarabenturan ibili ziren partaide batzuk ikastolara etorri zitzaizkigun euren esperientzia kontatzera, eta hala ezagutu nuen proiektua». Lehenbiziko harreman haren ondotik, «Interneten informazio bila» ibili zen, eta azkenean, «apuntatzea erabaki nuen». Onartu du «nahiko gogorra» egin zitzaiola, «fisikoki baino gehiago mentalki». Baina gaineratu duenez, «orain, urte batzuk pasatu direnean, bizitza honetan gehien ikasi dudan momentuetako bat izan zela erranen nuke».
Euskarabenturan egin dituen gainerako edizioak kamiseta urdinarekin egin ditu. Pandemia tarteko, 2020an ez zen Euskarabenturarik egin, eta Larraldek esplikatu duenez, «2021ean, edukiera kontuak tarteko, oraindik ezin izan zen bere betiko formatuan egin. Bi kanpaldi gisako egin ziren, eta ni lehenbiziko txandan xerpa laguntzaile aritu nintzen, Urruñan eta Lekarozen». 2022an bueltatu zen Euskarabenturaren ohiko formatua, eta urte hartan xerpa izan zen aranztarra, baita 2023an ere. Eta aurten ere hortxe dabil. Xerpa izatea «ardura» dela dio: «Xerpa bakoitzak bere taldea du, nahiz eta denak elkarrekin ibiltzen garen. Baina ardura da, bai, beti izaten direlakoz arazo ttiki batzuk. Zaila da, baina aldi berean polita».
Errepikatu badu, bada zerbaiten seinale, Euskarabenturak «aunitz» eman diola aitortu du: «Alde batetik, Euskal Herriko xoko guzietako eta diasporako jendea ezagutzeko aukera eman dit. Urteotan, euskal herritar aunitz eta horiekin batera, argentinar bat, nevadar bat eta Stockholmeko bertze bat ezagutzeko aukera izan dut. Bertzetik, euskalki pila aditu eta ezagutu ditut Euskarabenturari esker eta hori ere hagitz aberasgarria da». Gehiago ere bai: «Nire lagunik handienetarikoak Euskarabenturan ezagutu ditut. Egindako harremanak elkarbizitzan sortutakoak izan dira, momentu erraz eta ez hain errazetan, eta halakoak beti sendoagoak dira».
Euskara ardatz
Aurtengo espedizioan 126 gazte dituzte xerpek ondoan, baina «erdiak baino gehiago kanpoan» gelditu direla oroitarazi du: «Aurten 126 gazte dira, baina 340 bat eskaera izan dira. Gero eta gazte gehiago apuntatzen dira, eta pena da hainbertze kanpoan gelditzea». Horren harira, «egiatan gogoa duen zenbat jende gelditzen den kanpoan kontziente izateko» eskatu du.
Gainerakoan, «gazte batzuek espedizioa hagitz aisa» egiten dutela eta «bertze batzuentzat gogorragoa» dela erran du, «baina polita da. Gainera, harremanak euskaraz egiten dituzte, jendea euskaraz ezagutzen dute eta hori hagitz aberasgarria da. Norbaitekin harremana erdaraz hasten duzularik, euskarara aldatzea zaila izaten ahal da. Baina Euskarabenturan hasieratik euskaraz hasten dira, eta harremana euskaraz mantentzen dute».
Euskara hizpide hartuta, partaideen artean egoera zein den galdetuta, «edizioen araberakoa» dela erantzun du: «Aldakorra da. Jendearen jarrerak aunitz eragiten du. Orokorrean, parte hartzaileek jarrera ona izaten badute ere, badira hizkuntz ohiturak aldatzeko prest ez daudenak ere». Kontatu duenez, «hizkuntz ohituren arabera sailkatzen dira gazteak, guk euren testuingurua ezagutu eta horren arabera jokatzeko, eta hala, euskaraz harremanak sortzeko aukera errazteko».
Bertze helburuak
Gazteen artean euskara sustatzea da Euskarabenturaren helburuetako bat, baina ez da helburu bakarra. Gazteen arteko sarea sortzea, Euskal Herriko ondasun kulturala eta naturala ezagutaraztea eta balore jakin batzuk transmititzea begiz joak dituzte, hala nola, parekidetasuna, ekologismoa, autonomia, osasuna… «Horretan saiatzen gara», adierazi du Larraldek. Eta horren seinale, adibide batzuk paratu ditu: «Kulturari dagokionez, goizetan etapak egin ondotik, arratsaldetan dinamika kulturalak egiten ditugu. Herrialde bakoitzeko egoera soziolinguistikoa eta herri bakoitzeko berezitasunak esplikatzen zaizkie. Egia da etapetan nekea gailentzen dela, eta dinamika horietan, batzuetan aktiboago eta bertzeetan ez hain aktibo izaten direla, baina aberasgarriak dira. Musikariak ere gonbidatzen ditugu, erakargarri egiteko. Ekologiari dagokionez, gure ekarpena egiten dugu, oinez egiten dugu bidea, furgonetan motxila handiak bakarrik garraiatuta, eta hilabete batez materialetan ahalik eta gastu guttiena egiten saiatzen gara, telefonoaren erabilera ere murrizten dugu...».
Etorkizunera begira
Espedizioaren bide erdia eginda, aste honetan etxetik hurbil ibiliko da Larralde, eta poliki-poliki Getxoko bidean segituko dute. Hain zuzen, «Getxon egiten den ekitaldia» aipatu du, «berezia eta hunkigarria» dela erranez. «Emozioak, baita nekea ere, bertan elkartzen dira». Horrekin batera, «aitzineko arratsa ere berezia» dela gaineratu du: «Oroigarri gisa, elkarri liburuxka batean eskribitzen diogu eta polita izaten da».
Bertzalde, Euskarabenturaren etorkizunera begira ere jarri da: «Euskarabenturak babesleen bitartez funtzionatzen du. Gazteentzat debalde da, eta hortaz, beharrezkoa da laguntza ekonomikoa. Auskalo zenbat iraunen duen dirulaguntza ekonomikoak, baina Euskarabenturan sortutako sareak iraunen du».

