Arropa opari klasikoa da, ia edozeinek eskertuko lukeena. Hartzailea guztiz ezagutzen badugu (bere gustuak, tailla, estiloa…), ongi ematen dion arropa oparitzea aukera ezin hobea da. Gainera, ongi ezagutzen dugula erakutsiko diogu. Bertzela, osagarriren bat erostea erabaki dezakegu; zapiak, zorroak, txapelak, lepokoak, erlojuak… aukerak anitzak dira, guztientzako aproposak.
Liburu, film, disko eta bideojokoak bertze aukera on bat dira, gazteentzako batez ere. Aurten argitaratu berri den liburu bat, bere film gustukoena, modan dagoen musikariaren diskoa edota betitik nahi izan duen bideojokoa opari bikainak dira. Gainera, produktu hauek euskaraz erraz lor ditzakegu Euskarazko Produktuen Katalogoari esker.
Opari dotore bat bilatzen badugu, lurrindegira jo dezakegu. Betitik erabiltzen duen eta bukatu berri zaion perfumea erosten ahal diogu, edo marka desberdinen bat, gauza berriak probatu nahi dituenarentzat. Ohikoak dira komuneko produktuz osatutako sortak; xaboia, lozioak, lurrinak, kremak, bainu-gatzak… opari dotore eta erabilgarria.
Gozozaleentzako, berriz, opari onena mokadu on bat izan daiteke. Izan ere, Eguberrietan zerbait nabarmentzen bada, jatekoa izaten da. Turroia, txokolatea, pastak, mazapana… nork ez ditu gustuko?
Opari berezi eta desberdina bilatzen badugu, esperientzia bat oparitu dezakegu: otordu bat jatetxe elegante batean, asteburu bat kostaldean, arratsalde bat arrisku handiko kirolen bat egiten… aukerak amaigabeak dira.
Jostailuek ez dute generorik
Haurrek inork baino gehiago disfrutatzen dituzte Eguberriak, Olentzeroren bisitak emozioz betetzen baititu eskualdeko etxeak. Jolastea haien heziketaren parte da, eta beraz jostailu eta jokoek garrantzi handia dute prozesu honetan.
Horregatik, ezinbertzekoa da haurrari aditzea, gustuko duena ezagutzea, eta horren arabera egitea oparia. Inportantea da bere gustuak errespetatzea eta bere interesa piztu dezakeen alternatibak eskaintzea, erabakia berak har dezan. Izan ere, 'mutilentzako' eta 'neskentzako' jostailuak desberdintzean, gizarteko estereotipo sexistak finkatzen ditugu. Berdintasuna etxeko heziketarekin hasten da.
Haurraren sormena eta irudimena indartzen dituen jostailuak bilatu behar ditugu, bere talentu eta gaitasunak sustatzeko; ipuinak, mozorroak, panpinak, musika tresnak, eskulanak… jokoekin ikastea garrantzitsua baita. Ohitura onak sustatzeko, kirola egitera eta mugitzera animatu behar ditugu, pantailen aitzinean pasatzen dituzten orduak mugatuz.
Jostailuak ez dira opari hutsak, haurrei baloreak helarazteko tresnak baizik, eta balore horiek zeintzuk diren pentsatzen hasteko ordua dugu.