Cristina Gelbenzu komunikazio arduradunak azaldu duenez, 2009ko ekainean ireki zen bainuetxea; «1816tik jakin izan da bertan ur gazia zegoela, animalia aunitz etortzen baitziren. Iturburua erabilera publikokoa izendatu zuten 1919an eta bainuetxe bat egin zuten bertan, baina behera etorri zen. Udalaren laguntzarekin, bainuetxea zaharberritu eta hotela sortu genuen».
Instalazioak bezeroen erlaxaziora daude bideratuak, betiere uraren bueltan; «gune termalean igerileku bat, bi flotarium, lau sauna, hamaka gunea, dutxak… ditugu». Honez gain, hotelak 75 logela ditu, «banakoak, bikoteentzako eta familiarrak», baita jatetxea eta kafetegia ere, eta terrazako gunea handitu dute, «eskualdeko bisitari aunitz etortzen direlako». Ekitaldi pribatuetarako, berriz, aretoak alokatzen dituzte, «enpresen ekitaldietarako , jaunartzeetarako edota ezkontzetarako batez ere erabiltzen direnak».
Eguberriei begira, «bi hilabete inguru itxiko dugu. Urtero ixten dugu mantentze-lanak eta zaharberritzeak egiteko, eta beti berrikuntzaren bat gehitzen diogu. Aurten, adibidez, flotariumetako bat zaharberrituko dugu».
«Oparitzeko bonuak aukera ona dira, bakoitzak esperientzia bere modura bizitzen duelako»
Hala ere, oparitzeko bonuak egiten dituzte; «esperientziak oparitzen dira, ibilbide termaleko saio batetik, asteburu osoko egonaldiraino, masajeak eta otorduak barne. Webgunearen bitartez, telefonoz edo bertan eskatzen ahal dira, PDF batean bidaltzeko edo kaxatxo batean etxera bidaltzeko, eta urtebeteko epean erabiltzen ahal dira».
Jendeak gustuko duen oparia da; «jertse bat oparitzean ez dakizu asmatu izanen duzun edo ez, baina horrelako esperientzia bat bakoitzak bere modura bizitzen du eta guztioi gustatzen zaigu. Jende aunitzek urtero errepikatzen du eta ahazten ez den oparia izaten da».
Honez gain, kalitate turistikoko ‘Q’ zigilua dauka Elgorriagako Bainuetxeak; «ziurtagiri bat baino gehiago, lan sistema bat da. Zigilua mantentzeko, egindako lan guztien segimendua egin behar dugu, baina merezi du».