Oroitzapenak opari ezin hobeak dira, hutsik egiten ez dutenak. Hortaz, elkarrekin pasatutako egun eder haren argazkiekin egindako collage edo album bat oparitzen ziur asmatuko dugula. Argazkia ikusten duen aldiro egun hori gogoratzen ahalko du. Ordenagailuarekin trebeak direnek, berriz, pauso bat harago joan eta bideo bat sortu dezakete, oroitzapen onak dakarkiten argazkiak eta bideoak elkartuz. Gainera, gustuko duen musika erabil daiteke bideoan, oparia are pertsonalagoa izateko.
Eskulanak bertze aukera on bat dira. Gaur egun, birziklatutako materialekin mila gauza egin daitezke; bitxiak, apaingarriak, jostailuak… opari merkeak eta jasangarriak dira, beraz, gure sakelari eta ingurumenari mesede eginen diogu.
Joskintza gustuko dutenek, berriz, puntu-lanak eta brodatuak sor ditzakete. Arropak, panpinak eta bufandak, bertzeak bertze, garai honetarako aproposak dira, eta eskuz eginak izateak bereziagoak egiten dituzte. Gainera, gurutze-puntu lanak egiteko gai baldin bagara, marrazki eta esaldiak brodatu ditzakegu, oparia pertsonalagoa izan dadin. Makramearekin trebeak direnek, berriz, lepokoak eta eskumuturrekoak egin ditzakete.
Etxeko artistek, berriz, marrazkiren bat edo koadroren margotu dezakete. Baina marrazkiak ez du paperean izan beharrik; kamiseta batean, koaderno bateko azalean, katilu batean… horrela, oparia polita eta erabilgarria izanen da.
Azkenik, musikazaleek abesti bat sor dezakete. Kantu ezagun baten letra aldatzen, bertso bat idazten edo abesti berri bat konposatzen, une atsegin bat izanen dugu maite ditugunekin, eta ahoa bete hortz utziko ditugu esperoko ez duten opari honekin.
Laburbiltzen, batzuetan opari on bat egiteko ez dugu dirurik beharrik, sormena baizik. Oparia norberak egiteak denbora gehiago eskatzen du, baina emaitzak merezi du eta ziur eskertuko digutela.