Iñigo Sarobe Santesteban

«Poliki egiten diren gauzak arrakastatsuagoak izaten dira»

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 9a, 12:00

Opariak ez ezik, bazkariak eta afariak egiteko egunak dira Eguberriak, eta otordu batean ezinbertzekoak dira garai honetako gozoak.

1952an ireki zen Berako Sarobe okindegi eta gozotegia, eta hirugarren belaunaldia da Iñigorena; «Silverio Sarobe aitona eta familia Arantzatik Berara etorri ziren eta bertan ogia egiten hasi ziren, eta gaur arte». Geroztik herriko okindegietako bat da, baina hainbat aldaketa izan ditu denborarekin; «lehen, ogiaz gain, baserrietarako pentsuak ere saltzen zituzten. Pentsuak uztean ogia bakarrik egiten zuten, gozogintzan hasi ginen arte».

Etxean ikusi eta ikasitakoa kanpoko formakuntzarekin uztartu du Sarobek; «argi nuen hemen lan egin nahi nuela, eta Miarritzen gozogintza ikasi nuen. Lantegian instalazio berriak egin genituen: labeak, ganbera hozkailuak… eta ikasitakoa martxan jarriz, ikastaroak eginez eta han eta hemen ibiliz, gozogintzarekin hasi nintzen».

Sarobek argi du kalitatezko produktuak egiteko, kalitatezko lehengaiak behar dituztela; «gurina, azukrea, baserriko arroltzeak… ahal den heinean bertako eta gertuko hornitzaile eta lehengaiekin lan egiten saiatzen gara».

«Panettonea Italiako postre tipikoa da, duela gutti arte ez zen hagitz ezaguna hemen, baina arrakasta handia izan du»

Ogia txuria da Sarobeko izarra: «betiko okindegia izanda, aunitz saltzen dugu». Eta ez da guttiagorako, izan ere, 2019an La Ruta del Buen Pan aukeraketak estatu mailako 80 ogi onenen zerrendan sartu zuen. «Irina, gatza, legamia eta ura bertzerik ez dira behar ogia egiteko, ez du inongo sekreturik, baina kalitatezko irina erabiltzeak, masari behar duen denbora uzteak, legamia portzentaia zehatza izateak eta ama orea erabiltzeak alde handia egin dezake iraunkortasunean, zaporean… poliki egiten diren gauzak azkenean arrakastatsuagoak dira». Baina ogitik haratago, pastelak, opilak eta tartak ere dituzte bertan; «hostopilak batez ere asko gustatzen zaizkio jendeari».

Eguberriei begira, «panettonea prestatzen dugu duela urte batzuk, Italiako postre tipikoa. Duela gutti arte ez zen hagitz ezaguna hemen, baina arrakasta handia du eta jendeari asko gustatzen zaio. Lehen Eguberrietan jaten bazen ere, orain orokortzen hasi da eta urritik aitzinera jaten da. Gainera, Gabonen aitzinetik errazago jaten da, Eguberrietan jendea aseta ailegatzen baita postrera». Honez gain, abenduko zubiaz geroztik turroiak, errege-erroskak eta Eguberrietako gozoak prestatzen hasten dira; «jendeak gustura hartzen ditu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun