Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria paperean eta interneten, haur eta gazteentzako ehunka produkturekin

Ttipi-Ttapa 2022ko abe. 10a, 12:00

Irudiak Katalogoaren paperezko edizioa. Hala ere, KATALOGOA.EUS web-orriak 7.400 produkturen erreferentziak jasotzen ditu

Urteko garai hau seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailuak oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskal Herriko udal eta mankomunitatetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok Euskarazko Produktuen Katalogoaren 24. edizioa osatu dute.

Web-orriak eta paperezko edizioak itxura berriak estreinatu dituzte, eta jasotako produktuak bi ataletan dituzte sailkatuak: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin.

Paperezko edizioaren 70.000 ale banatuko dira egunotan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Azkeneko urteotan bezala, bi azal izanen ditu, katalogoaren bi atalei sarbidea errazteko.

Katalogoko artikulu guzti-guztiak ikusi nahi dituztenek, berriz, webgunera jo beharko dute. Etengabe eguneratzen da eta bi adin tarteetako atalen artean, 7.400 produktu inguru biltzen ditu. Atal bakoitzak bere direktorioa du, eta produktu motaren araberako bilaketaren bidez, tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin-tartearen edota prezioaren arabera bila daitezke.

Azken nobedadeen berri izan nahi dutenek buletin elektronikora harpidetzeko aukera dute web-orrian. Harpidedunek urte osoan hamar buletin jasoko dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Izan ere, horixe da KATALOGOA.EUSen helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun