Arantxa Agerre Irigoien

Edoskitzearen garrantzia erakutsi nahian

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 30a, 08:00
«Ama-esneak gaitasunen garapenean eta eritasunen prebentzioan laguntzen du». Irudia: freepik.com

«Umeei bularra emateko prozesuan laguntza ematea» da Elizondoko eta Doneztebeko Osasun Etxean egiten duten Edoskitze taldearen helburua. Duela 25 urte hasi zituen saioak Elizondon Ixabel Aleman emaginak. Pandemia dela medio, taldea bertan behera utzi behar izan dute azken bi urteetan, baina berriz ere abiatu dute aurten eta eskualdeko gurasoak bertan parte hartzera animatu dituzte. Taldeko gidarietako bat da Arantxa Agerre Irigoien erratzuarra.

Ttikitatik bere burua «erizaintzan eta bereziki umeekin lanean» argi ikusten zuen Agerrek eta pedriatriako erizaina da gaur egun Donezteben; «2015ean Lesakatik Doneztebeko zentrora etorri nintzen pediatrian lan egitera eta Edoskitze taldean nago».

Edoskitze taldea

«Umeei bularra emateko prozesuan laguntza behar duten emakumeei laguntzeko prest dagoen taldea da Edoskitze taldea». Elizondoko emaginak eta bi zentroetako pediatriako erizainek gidatzen dituzte saioak, «eta taldean parte hartzen duten emakume guziak elkarlanean aritzen dira laguntza prozesuan». 

Taldea «umeei bularra ematen ari diren amei» zuzendua baldin badago ere, «haurdun daudenak eta prozesu horretan pentsatzen ari direnak etortzera animatzen ditugu, eta nola ez, aitak ere gonbidatuak daude». Hala ere, «erran beharra dago aitak guttitan etortzen direla taldera». 

«Taldeko emakumeak elkarlanean aritzen dira laguntza prozesuan»

Arantxa AGERRE, pediatriako erizaina

Bertan, amen kezkak, zalantzak eta zailtasunak lantzen dituzte; «aunitzetan, haien kezkak partekatzeak aunitz laguntzen die, taldearen parte sentitzea arras lagungarria da eta partaide bakoitzak bere esperientziarekin taldea aberasten du». Amek hainbat zalantza izan ohi dituzte; «ohikoenetariko bat seme-alabarendako esne aski ote duen izaten da». Baina ez da bakarra; «adibidez, titian mina sentitzen badute, postura egokiak bilatzen laguntzen diegu, mina desagerrarazteko edo bederen guttitzeko. Honez gain, umea ase den nola igarri edo negarraren arrazoiak zeintzuk izaten ahal diren aztertzen saiatzen gara, bertzeak bertze».

Bi astetik behin elkartzen dira, hilabetearen lehenengo ortzegunean Elizondon eta hirugarren ortzegunean Donezteben. Goizetan biltzen da taldea, 11:30etik 13:30era. «Udan, oporretan gaudenez, dataren bat aldatu dugu, baina abuztuan beti bezala eginen dugu; hilaren 4an Elizondon eta 18an Donezteben».

Pandemiak ere eragina izan du taldean; «talde guziak desagerrarazi zituen. Lehen Elizondon, Donezteben eta Lesakan bildu ohi ginen». Elkartu ezin zirenez, «bakarkako kontsultak areagotu ziren, eta taldearen garrantzia ikusi genuen. Partaide guzien elkarlanaren falta sumatu genuen, eta argi dugu denok batera pila bat laguntzen diogula elkarri». 

2015etik Doneztebeko zentroko pediatriako erizaina da Agerre.

Aurtengo maiatzean berrartu dute berriz ere Edoskitze taldea, Lesakan izan ezik. Jendea etortzera animatu dute pediatrek eta emaginak; «mundu guztiak haurraren garapenean edoskitzeak nolako garrantzia duen jakitea gustatuko litzaiguke. Amagandiko edoskitzea haurrarendako hoberena izateaz gain, ekologikoa, naturala eta hondakinik sortzen ez duen produktua da, ezin hobea!».

iHAN zentroa

Elizondoko eta Doneztebeko Osasun Zentroak iHAN (jaiotzerako eta edoskitzerako laguntza humanizatzeko ekimena) ekimenaren parte dira. Munduko Osasun Erakundeak eta UNICEFek (Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak) sortu zuten ekimena 90eko hamarkadaren hasmentan. Helburua ospitaletan eta osasun zentroetan haurrak jaiotzen direnetik bularra ematen laguntzen duten praktikak sustatzea eta babestea da.

«Amaren esnea produktu ezin hobea da»

Arantxa AGERRE, pediatriako erizaina

Osasun zentro batek iHAN akreditazioa lortzeko lau fase gainditu behar ditu; ezagutza, garapena, zabalpena eta izendapena. Doneztebeko eta Elizondoko zentroak lehenbiziko fasean daude, «eta denak gainditzean lortuko dugu akreditazioa, kalitatezko Q bat bezalakoa dena». 

Baina ez da lan erraza; «fase bakoitzean gauza aunitz egin behar dira eta jende aunitz inplikatu behar da. Edoskitzearen garrantziaz kontziente izan behar gara, eta honi buruzko prestakuntza eta informazio bera eman behar dugu zentro guziek. Gainera, langile guziek formazioa jaso behar dugu, bakoitzak bere arlotik prozesuan laguntzeko». Eta noski, akreditazioa lortuta, «zigilua mantentzeko lanean segitu behar dugu. Hori ziurtatzeko, ikuskariak pasatzen dira noizbehinka».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun