Maria Villegas Baztan

«Amak zaindu behar ditugu, haiek zaintzeko gai izan daitezen»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 30a, 10:00
Duela bi urte hasi zen Villegas emagin lanetan Elizondon.

2008an bukatu zuen erizaintza gradua Maria Villegasek eta «profesionalki nire lekua bilatzen ari nintzela, 2013an Barneko Erizain Egoiliarrentzako formakuntza egitea erabaki nuen». Iruñean emagin gisa erresidentzia egiteko plaza lortu zuen, eta gaiarekin «inongo harremanik izan gabe, harrituta gelditu nintzen emakumearen gorputzarekin, duen boterearekin eta haurrarekin sortzen duen loturarekin».

 2020an hasi zen Elizondoko Osasun Zentroan lanean, eta Edoskitze taldean aritzen da Elizondon eta Donezteben, «titia eman nahi duten amei laguntza eskaintzeko, espazio seguru bat sortzeko eta ama guziek mintzatu eta parte hartzeko». Gaur egun, osasungintzan, «amatasunari gero eta garrantzia handiagoa ematen zaiola» dio, «gero eta informazio eta kontzientzia gehiago dugulako». Hala ere, «oraindik aunitz dagoela egiteko» aitortu du, behar bezalako garrantzia eman diezaioten.

Ama-esnearen garrantzia nabarmendu du; «ikerketa aunitzek ondorioztatu dute haurraren hainbat gaitasunen garapenean laguntzen duela; hizkuntzan, jakindurian, adimenean… Gainera, eritasunen prebentzioan lagungarria da, osaera paregabea eta propietate immunologiko zoragarriak dituelako». Garrantzitsua da baita ere amaren eta haurraren arteko harremana «segurua» izatea, «hau da, haurrak jakin dezala amak bere beharrizanak asetuko dituela. Haurrak beti izanen du lotura amarekin, eta eskatzen duenean titia emateak, lotura segurua izatea errazten du».

Hala ere, titia ematea «hautu pertsonala» da eta badaude edoskitze misto edo artifizialaren alde egiten dutenak; «haurra elikatzeko modua aldatzen bada ere, kontaktuak eta harremanak beharrezkoak izaten segitzen dute». Horretarako, «gaur egun biberoia emateko modu fisiologikoagoak ditugu, kassing metodoa adibidez, edoskitzea ahalik eta gehien imitatzean datzana». Izan ere, «titia ematen badugu, nahi dugulako izan behar du, ez derrigortu edo inposatu digutelako». Erabakiak «librea eta borondatezkoa» izan behar du, «eta haurdunaldian informatzea arras baliagarria da, edoskitzearen inguruko mito aunitz aditzen baititugu».

Edoskitze eta erdiondoko taldeek bakarrik ez sentitzen laguntzen dute, «erditu ondorengo denboraldia adaptatzeko eta indarberritzeko baita. Amak zaindu behar ditugu haiek zaintzeko gai izan daitezen, eta noski, bikote edo familiaren eginkizunak beharrezkoak dira».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun