Nahikari Amiano Eraso

«Amatasuna gertatu zaidan gauzarik zoragarriena da»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 30a, 11:00

Lehendabizikoz izan da ama Nahikari Amiano elizondoarra eta esperentzia «benetan aberasgarria» izaten ari dela dio; «badira egun zailak eta gogorrak, baina ttikiak dena konpentsatzen dit. Amatasuna gertatu zaidan gauzarik zoragarriena da». 

Pandemia garaian sortu zen haurra, Edoskitze taldea bertan behera gelditu zelarik, baina «osasun zentroko espezialistak beti zeuden laguntzeko prest. Hala ere, ez nuen halako arazorik izan edoskitzearekin eta horrek aunitz lagundu zuen».

Haurdunaldian ongi prestatu zen Amiano; «haurren heziketa eta garapenaren mundua betitik aunitz gustatu zait eta haurdunaldian pila bat leitu nuen. Azken hiruhilekoa konfinatua pasatu genuenez, Interneten talde bat aurkitu nuen. Hainbat espezialista zituen, eta edoskitzeari buruzko ikastaro, liburu eta informazio pila jaso nituen». Gurasoek ere parte hartzen zuten taldean; «haurren heziketarekin, edoskitzearekin eta garapenarekin genituen esperientziak, bizipenak, arazoak eta kezkak partekatzeko. Arras lagungarria izan zen eta partaide izaten segitzen dut».

Hala ere, «talde presentzial baten falta» izan zuen: «prozesu berdinean dauden gurasoekin esperientziak, kezkak, beldurrak… partekatzea arras aberasgarria da. Denengandik aunitz ikas dezakegu egoera bakoitza arras desberdina baita». Edoskitzea «gure momentua da, haurraren eta nire arteko momentu goxoa. Une horretan partekatzen ditugun begiradak, laztanak, jolasak… arras aberasgarriak dira». Gainera, haurrarendako onura «fisiko eta emozionalak» dituela gehitu du.

Baina argi du «guk ez dugula zailtasunik izan eta aukeratutako zerbait izan dela. Bertze jende aunitzek ezin du edoskitzea aitzinera eraman, egoera bakoitzean hainbat faktorek parte hartzen dutelako». Horregatik, «norbaitek edoskitzea aitzinera eramateko arazoak baditu, laguntza eska dezala. Informazioa badago eta jende aunitz laguntzeko prest».

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun