Ixabel Aleman Irungarai

«Gure izaera primariora bueltatzeko beharragatik sortu nuen taldea»

Ttipi-Ttapa 2022ko uzt. 30a, 09:00

1990ean erizaintza ikasketak akitu zituen Ixabel Aleman amaiurtarrak eta handik urte guttitara El Salvadorreko landa eremuko herri ttiki batera joan zen sei hilabetez. Amatasuna ulertzeko modua aldatu zion bidaia horrek eta «esperientzia nabarmena» izan zen «profesional eta emakume gisa»; «hantxe jabetu nintzen naturaren indarraz eta ikasi nuen gizakiak, bere une zailenetan, berezko gaitasun berezia duela bizirauteko. Horren adibide da edoskitzea».

 Ordura arte, «ez nion garrantzia handirik ematen haurraren elikadurari, baina orduan konturatu nintzen naturak eman digun horrek, amaren esneak alegia, biziak salbatzen dituela. Haur sortu berriek, amaren esnea hartzen zuten bitartean, bizirik irauten zuten eta baten batek esnea hartzeko arazoak bazituen, hil egiten zen. Hortik aitzinera bertze begi batzuekin ikusten hasi nintzen amatasunaren inguruko aferak».

1995. Emakumearen arreta zentroa ireki zuten Elizondon eta bertan Edoskitze taldea sortu zuen Alemanek; «bidaiarekin harriturik, hemen haurdun zeunden emakumeekin gaia lantzen hasi nintzen». 2002an emagin ikasketak hasi zituen, «formakuntza gehiagoren beharrak bulkatuta», eta 2005ean emagin lanetan hasi zen.

Edoskitze taldea sortzeko arrazoiak argi ditu; «gure ama memoria berreskuratu nahi nuen, gure izaera primario horretara bueltatzeko beharra sentitzen nuen». Emakumeei edoskitzeari buruz informatu nahi zien, «gero beraiek informazio guzi horrekin erabakitzeko aukera izan zezaten». Izan ere, «garai hartako amak edoskitzea galdua zen tenorean sortuak ziren. 1960-70eko hamarkadetan, inongo argudio zientifikorik gabe eta profesionalek bultzatuta, formula esnearekin haziak izan ziren haurrak. Beraz, titia emateko kultura erabat galdua zen eta ez zuten inongo erreferentziarik». Kate hori «puskatu» egin zen, «eta lotura berreskuratzearen beharra sentitu nuen».

 Ekimenak arrakasta izan zuen, «laguntza taldea zen, batak bertzeari elkar laguntzen zion esperientziak azalduz eta adituz. Nire papera arlo zientifikoa lantzea zen, baina dena beraiek egiten zuten, emakumeek. Arront praktikoa zen». Gaur egun Alemanen lana «erabat asistentziala» da eta ez dago taldean, baina taldearen esentzia «ez dela aldatu» dio.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun