Muga pasabideak zabaldu eta dispositibo poliziala kentzeko sinadura bilketa abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 9a, 12:00

EH Baik eta EH Bilduk ilbeltzaz geroztik Frantziako eta Espainiako estatuek, terrorismoren kontrako borroka aitzakia gisa harturik «Ipar eta Hego Euskal Herria lotzen dituzten zortzi pasabide itxi» eta berriz ere ireki ez dituztela salatu dute.

Bi alderdiek, Ipar eta Hego Euskal Herriko mugako zortzi pasabideak berriz irekitzea eskatuz sinadura bilketa abiatu dute. Bi alderdiek aditzera eman dutenez aitzakiak dira «terrorismoaren aurkako borroka eta migrazioa oztopatzeko argudioak», eta mugako herrietan presentzia militar eta poliziala «neurriz kanpo» handitu dela salatu dute.

Oharrean adierazi dutenez, «euskal herritarren arteko usaiazko harreman familiarra, afektiboa, kulturala, soziala eta ekonomikoa eten» egin dute «inposizio bidez» eta neurria «Euskal Herria bera ukatzeko neurri bat» izan dela aldarrikatu dute. «Salatzen dugu, era berean, migranteen kontrako ehiza areagotzen duelako eta eskuin muturreko ideien hegemonia indartzen duelako terrorismoa eta migrazioa lotuz».

Jarrera «autoritario eta zentralistaren» aitzinean, nazio eta herri gisa bizitzeko eta erabakitzeko beharra «inoiz baino handiagoa dela» erran dute. Pasabideak irekitzearekin batera, «dispositibo militar eta poliziala kentzeko» ere eskatu dute EH Baik eta EH Bilduk.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun