Eila Sagastibeltza Pikabea

«Covid-19aren aitzakia ez bada, terrorismoarena da. Ea hurrengoan zer den»

Ttipi-Ttapa 2021ko ots. 3a, 17:00

G7a, COVID-19aren hedapena saihestea eta, orain, terrorismo jihadista. Anitz izan dira Hego eta Ipar Euskal Herriko muga ixteko arrazoiak. Erabaki honek eskualdeko hainbat herritarren egunerokotasuna hankaz goiti paratu du eta horietako batzuen testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk.

Astean «gutti gora-behera behin» pasatzen du Hego eta Ipar Euskal Herriko muga Urruña eta Berrizaun artean bizi den Eila Sagastibeltzak. Muga pasatzearen arrazoi nagusia «lagunekin eta familiarekin» egoteko izaten dela adierazi du, baina, baita «zenbait erosketa» egiteko ere. Hala ere, «egoera hau hasi zenetik hagitzez guttiago» pasatzen omen du muga. Izan ere, «aginduak batere garbiak ez» direla salatu du gazteak. Alde batetik «hegoaldeko probintzien itxiera perimetrala» du eta bertze aldetik, «mugen itxieraren» aferarekin topatu baita. Itxiera perimetralak Iparraldean bizi direnei nola eragiten zien «ziur ez» dakiela gaineratu du. Herritarren artean zalantza giroa nagusitzen da «batzuek diote ez dugula arazorik izanen hegoaldera joanez gero, bertzeek berriz, baietz». Eta, bitartean «beti arazoren bat izateko kezkarekin». Bideari dagokionez «Ibardineko bidea dut gehienik erabiltzen» eta, batzuetan, «Pausukoa erabiltzea tokatzen erabiltzea». Horrela azken mugen itxierarekin, bere kasuan, «aldaketa handirik» izan ez duela azaldu du. Sagastibeltzaren iritziz «prefeturak neurri hauek hartzean ez ditu herritarren beharrak kontuan hartu. Berdin zaie Hegoaldearen eta Iparraldearen artean dugun harremana». Aginduak «beti Frantziatik heldu» direla salatu du, eta neurri batean «haien erabakiak harritzen» ez duela adierazi du. Hartutako azken neurria «zentzu gabekoa» da Sagastibeltzarentzat eta «egoera berezi hau aprobetxatu dute mugekin nahi dutena egiteko. Eskerrak Europa bat dela!». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun