Txomin IRIBARREN LARRALDE

«Terrorismoagatik plastikozko hesiak jartzen dituzte eta, zer pasatzen da, terroristak ez direla horregatik pasatu behar?»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 30a, 12:00
Dantxarinean lan egiten duen urdazubiarra da Txomin Iribarren.

G7a, COVID-19aren hedapena saihestea eta, orain, terrorismo jihadista. Anitz izan dira Hego eta Ipar Euskal Herriko muga ixteko arrazoiak. Erabaki honek eskualdeko hainbat herritarren egunerokotasuna hankaz goiti paratu du eta horietako batzuen testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk.

Mugan gasolindegia eta garraio enpresa ttiki bat duen urdazubiarra dugu Txomin Iribarren. «Bai nik baita nire bezeroek ere maiz pasa behar izaten dugu Hego eta Ipar Euskal Herriko muga» eta mugen itxierak eragin handia du bere egunerokotasunean. Izan ere, «nik eta nire langileek, batez ere, iparraldeko bezeroentzat lan egiten dugu». Bideari dagokionez Iribarrenentzat «aldaketa handia» izan ez dela adierazi du, nahiz eta bere langileentzat oztopo handia den «niretzat lanean ari den arizkundarrak sekulako itzulia eman behar du lanera etortzeko. Lehen Izpegitik etortzen zen, eta orain Dantxarinea gurutzatu behar du. Horrela, normalean egiten zuen bidearen bikoitza eginarazten dio Izpegiko pasabidea itxita egoteak». Aldi berean, mugak itxi arte, Dantxarinera ailegatzeko bi bide zeuden. Orain, berriz, «bide bakarra» utzi dute eta «kasualitatez hertsiena da». Zoritxarrez, hau ez da lehen aldia prefekturak mugak ixteko erabaki hartzen duela «hagitz ohituak gaude, edozein arazoren aitzinean muga ixten dute». Ez da lehen aldia urdazubiarrak gai honen inguruan hausnartzen duela, eta «zalantza egiten dut Frantziako Estatuak gainerako mugekin berdin jokatzen ote duen: Alemaniako, Belgikako zein Suitzako mugekin». Bere iritziz «Frantziako eta Espainiako mugan bizi garenoi tokatzen zaigu beti zati okerrena». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun