Jaione Iriarte Baleztena

«Prefeturak herritarrengan pentsatu gabe hartu du neurria»

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 31a, 11:00
Senperen bizi den beratarra da Jaione Iriarte.

G7a, COVID-19aren hedapena saihestea eta, orain, terrorismo jihadista. Anitz izan dira Hego eta Ipar Euskal Herriko muga ixteko arrazoiak. Erabaki honek eskualdeko hainbat herritarren egunerokotasuna hankaz goiti paratu du eta horietako batzuen testigantzak bildu ditu TTIPI-TTAPAk.

«Astean bi edo hiru aldiz pasatzen naiz hegoaldera mediku kontsultak edota familia ikusteko. Azken finean, Beran gauza anitz ditut oraindik» honela mintzo da Senperen bizi den hiru haurren ama. Muga pasatzeko arrazoi nagusienetariko bat «mediku kontsultara» joateko izaten da. Lehen normalki Lizuniagako pasabidea erabiltzen zuen baina orain hau hetsita dagoenez Ibardinetik pasa behar da. Honek egunerokotasunean «lehen 20 edo 30 minututan egiten nuen bidea, 40 minutu edo gehiagokoa» izatea eragin du. Muga 18:00ak baino beranduago edo 06:00ak baino lehenago pasatzeko «prefeturak eman duen agiri bat erakutsi behar dut, mugaren bertze aldera zer egitera noan zehazten duena». Hala ere, agiri honek ez dizkio muga pasatzeak dakartzan buru hauste guztiak kentzen. Denbora eta deserosotasunaz gain kotxeko erregaian ere «dirutza utzi» behar izaten duela gaineratu du. Azkenik, kontrol polizialetan sentitzen duen ezinegona adierazi du, baita behin edo behin bizi izan duen egoera desatsegina ere «kontrol polizial batean nengoela jendarmeetako bat burugogor jarri zen. Nik semearen mediku kontsultarako agiria erakutsi nion, baina berak ez zuela balio erran zidan. Azkenean, bertze jendarme batekin hitz eginez arazoa gehiagora joatea saihestu nuen». Hala ere, «hagitz gorputz txarrarekin» gelditu zela onartu du Iriartek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun