70 lagun bildu dira Sara eta Zugarramurdi artean Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zortzi pasabide hetsi dituztela salatzeko

Ttipi-Ttapa 2021ko urt. 19a, 13:00

Euskal Herrian Mugarik Ez eta EH Bai taldeek eginiko deialdiarekin bat eginez hainbat herritar bildu dira Sara eta Zugarramurdi artean.

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak aitzineko astean zortzi pasabide hesteko emandako agindua salatzeko mobilizazioak egin ziren larunbatean Sara eta Zugarramurdi artean zein Irunen. «Euskal Herrian mugarik ez dugu behar», aldarrikatu zuten EH Baik eta EH Bilduk ekimen honen bitartez Bidasoaren bi aldeetan.

Prefeturak zortzi pasabideak hesteko «jihadismoaren aurkako borroka» izan du aipagai. Frantziar Estatuak indarrean ezarri duen Vigipirate segurtasun egitasmoaren baitan 4.800 bat polizia gehiago izanen dira Ipar Euskal Herriko herri, errepide zein pasabideen «zaintza» egiten. «Polizia horien guztien partez, erizain gehiago behar dugu bizi dugun pandemiaren garaian», oroitarazi zuen EH Bairen izenean Arturo Villanuevak.

Gure eskualdean mugen hetsiera honek eragin handia izanen du, batik bat Sarako herrian. Sara kasik isolaturik gelditu da Berako, Etxalarko eta Zugarramurdiko herriekin lotzen dituzten pasabideak hetsi baitituzte. Horrela, saratarrek sekulako buelta eman beharko dute mugaren bertze aldera lan egitera edo familia ikustera joateko.

Euskal Hirigune Elkargoak ere bere kezka plazaratu du eta Parisko gobernuari Bidasoaren bi aldeetan bizi diren herritarrei eta mugaz gaindiko langileei eginiko kalteak konpontzeko pausoak emateko galdegin dio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun