Baztan-Bidasoaldeko artisauak elkarlanean

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 5a, 10:00
Argitsu elkarteko kideetako batzuk, azoka batean.

Urtebete baino gehiagoko ibilbidea egin du Baztan, Bortziriak eta Malerrekako artisauak biltzen dituen Argitsu elkarteak. Tarte horretan hainbat azoka antolatu dituzte eta orain artekoaren balorazio baikorra egin dute. Aurten ere bide beretik segitu nahi dute.

Eskuak dituzte lanabes eta zilarra, harriak, oihalak, hariak, artilea, belarrak, egurra eta bertze hainbat material lehengai. Horixe dute afizio edota ofizio eskualdeko hainbat artisau biltzen dituen Argitsu Elkarteko kideek. Badute bertze bereizgarri bat: taldean ibiltzen dira. Ez dira azoketako gonbidatu hutsak, eurek baitira han eta hemen azokak antolatzen dituztenak.

Dagoeneko urtebete baino gehiago daramate elkarlanean. Joan den urteko otsail aldera hasi ziren elkartea sortzeko lehenbiziko urratsak ematen, «hutsune batzuk betetzeko asmoz». Hala kontatu digu Nagore Intxausti Argitsu elkarteko kideak. «Baztandar batzuongandik» hasi omen zen guztia: «horietako batzuk Baztango Artisauen Elkarteko kideak ginen, baina elkarteko kideon artean ideiek talka egiten zuten. Baztanen bizi eta baztandar sentitu arren, batzuk ez genuen Baztanera mugatu nahi. Eskualdea Zugarramurdi-Urdazubitik eta Bera eta Ezkurrara bitarte ulertzen genuen eta hori izan zen elkartea sortzeko abiapuntuetako bat». Euren gisara zebiltzan artisauak biltzeko gogoaren emaitza izan zen Argitsu, eta gaur egun, Baztan, Bortziriak eta Malerrekako 13 artisauk osatzen dute. Bitxigintza egiten dute batzuek, eta ukenduak eta xaboiak bertzeek. Badira egurra eta artilea lantzen eta oihalekin haurrentzako produktuak egiten dituztenak, baita buruhandiak eta maskarak egiten eta koadernatzen aritzen direnak ere.

 

Harrera ona

«Gogotsu eta ilusioz» eman zituzten elkartea sortzeko lehenbiziko urratsak: «eta holako osagaiekin edozein gauza erraza izaten da», azaldu digu Intxaustik. Nafarroako artisau elkarte gisa erregistratu ziren lehenbizi eta arau batzuk zehaztu zituzten gero. Urtebete beranduago, ilusio berarekin segitzen dute: «gustura gaude, giro ona dugu gure artean eta salmentarekin ere kontent gaude». Are gehiago, espero ez bezalako erantzuna izan dute eta «horrek beharra bazela» erran nahi omen du. Denborarekin «ikasten eta garatzen» ari direla ere gaineratu du.

2018a «frogak egiteko urtea» izan zen. Erratzun, Urdazubin, Elizondon, Lesakan, Iturenen... antolatu zituzten azokak eta «orokorrean arras ongi» atera omen ziren. Hortaz, aurten ere bide beretik segitu nahi dute: «aurten iazko azoka dezente errepikatuko ditugu» eta aukera sortuz gero, «azoka gehiago muntatzen saiatuko gara». Baina nabarmentzekoa da ez direla azokak antolatzera mugatzen. «Gure produktuak erakusteaz gain, haratago joan nahi izaten dugu eta haurrentzako tailerrak ere antolatzen ditugu: hariekin eskumuturrekoak eta maskarak egiteko tailerrak, marrazketa librea edo zuzendua... Berriki, Aste Santuan, egin ditugun azoketan, iaz bezala, landatu eta ereiteko tailerrak ere egin ditugu». Tarteka bertze eskualdetako artisauak ere gonbidatzen dituzte eta «azokak girotzeko musika ere izaten dugu, batzuetan zuzenean». Horrez gain, «gure produktuekin zozketa bat ere egiten dugu».

Kontent daude orain artekoarekin eta ilusioz eta gogotsu begiratzen diote etorkizunari. Horrekin batera, argi utzi nahi izan dute elkarteko ateak eskualdeko edozein artisaurentzat zabalik daudela.  Nabarmendu dutenez, elkarteko kide egiteko «artisaua izatea eta eskualdekoa izatea» baino ez dute eskatzen. Haunditzen segitu nahi dutenez, hortxe luzatu dute gonbidapena, eta «bereziki Bertizarana, Urdazubi eta Zugarramurdiko artisauei, oraindik ez dugulako herri horietako artisaurik elkartean».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun