«Artisautzan bide berri baten sorrera izan da»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 5a, 12:00
Haizea Irigoien, sortzez lesakarra eta Elizondon bizi den eskulangilea.

Haizea IRIGOIEN, Lesaka/Elizondoko artisaua

Azalerako eta gorputzerako sendabelarrekin egindako produktu naturalak egiten ditu sortzez lesakarra baina Elizondon bizi den Irigoienek. Horrez gain, negurako artilezko txanoak, bufandak... egiten ditu. Duela sei bat urte hasi zen artisautzan, nahiz eta ez dituen lan arrotzak. «Sendabelarren mundua nahiko hurbil izan dut betitik, amatxi eta amaren bitartez ezagutu nuen» eta «artilea lantzen lagun batekin eta amarekin ikasi dut». Denborarekin, ordea, gehiago ikasi du: «nire kabuz informazio gehiago bildu dut landareen balioen inguruan». 

Pertsona bezala ere lagungarri

Ez da artisautzatik bizi, nahiz eta posible dela dioen: «esfortzu haundiarekin eta azoka aunitzetara mugituz». Bera «urtean azoka gutti batzuetara» joaten omen da, eta hori «giroa eta azoketan sortzen den saltsa aunitz gustatzen» zaiolako egiten omen du, baita «sendabelarretan erabat sinesten dudalako» eta «garrantzitsua» iruditzen zaiolako «jendea kontzientziatzea». Argitsu elkarteaz ere esker oneko hitzak ditu: «artisautzan bide berri baten sorrera izan da». Bere kasuan, «artisau eta pertsona bezala, esperientzia berri baterako aukera» eskaini omen dio: «bizikidetza, talde lana, autogestioa, komunikazioa eta bertze zenbait aspektu lantzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun