«Elkarri laguntzeko familia bat bezala da»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 5a, 14:00
Nekane Mujika, Berako artisaua.

Nekane MUJIKA, Berako artisaua

Probatu eta gustatu. Horixe gertatu zitzaion. Duela lau bat urte, «Irungo oihal-denda batean josteko klaseetara joaten hasi nintzen eta hurrengo urratsa josteko makina bat erostea izan zen». Jostuna izana duen izebak «josteko makina pixka bat erabiltzen erakutsi» zion eta horren ondotik, «pixkanaka-pixkanaka nire kabuz gauzak probatzen hasi nintzen». Hala, gaur egun, «oihalekin haurrentzako produktuak egiten ditut: panpinak, motxilak...». Ez du hori lanbidea, baina «hasieran denbora-pasa» baino ez zena, «denborarekin indar gehiago hartzen ari den zerbait» bilakatu da. «Gero eta jende gehiagok ezagutzen nau eta horrek segitzeko eta gauza berriak probatzeko indarra ematen dit». 

Marka bereiztearen garrantzia

Artisautzatik bizi daitekeela dio, baina horretarako «zure marka bereiztea, markari balioa ematea eta merkatuan toki bat lortzea» garrantzitsutzat jo du. Gainerakoan, «herri ttikietan artisauen lana baloratzen» dutelakoan dago, «eskuetan duen produktua eskuz eta kalitateko materialarekin egina eta bakarra dela» aintzat hartzen dutela. «Hiri eta herri haundietan, ordea, ez». Argitsu elkartean ere pozik dago, «jendea ezagutzeko eta ongi pasatzeko espazioa» delako beretzat, «elkarri laguntzeko dagoen familia bat bezala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun