«Gutti dira artisautzatik bizi direnak»

Ttipi-Ttapa 2019ko mai. 5a, 13:00
Nagore Intxausti, Erratzuko eskulangilea.

Nagore INTXAUSTI, Erratzuko artisaua

Zilarrarekin eta harriekin bitxiak egiten ditu, baita ukenduak eta xaboiak ere. Duela 20 bat urte Mexikora egindako bidaian izan zuen zilarrarekin lehenbiziko hartu-emana eta handik «zilar pixka bat» ekarrita, «nire kabuz lantzen eta azoketara joaten hasi nintzen». 2007an, berriz, «krisiarekin nire produktuek beherakada» izan zutenean, «gaztetatik hurbil» izan dituen sendabelarrekin lanean hasi zen, ukenduak eta xaboiak eginez. Eta gaur egun bitxigintzan eta sendabelarrekin dabil, «Aste Santu inguruan hasi eta urtarril hasiera arte, astebururo plazaz plaza Euskal Herri osoan barna». 

Musikarien gisara

Artisautzatik bizi daitekeen galdetuta, musikariak ditu gogoan Intxaustik. «Batzuek musikatik bizitzea lortzen dute eta bertzeek ez; artisautzan gauza bera gertatzen da. Bizi daiteke, baina lortzen dutenen portzentajea ez da altua». Bera, ordea, kontent dabil egiten duena eginez, «jendearekin sozializatzea, turismoa egitea eta ekonomia» eskaintzen diolako bere lanak. Argitsu elkarteak ere ba omen du zerikusia gustura sentitzearekin: «Argitsu erditze bat izan da niretzat eta nire beharrak aunitzez ere gehiago asetzen ditu. Gustuko dudana egitea beharrezkoa dela iruditzen zait eta horretarako aukera eskaintzen dit elkarteak». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun