Egun historikoa izan zen joan den urteko martxoaren 8a, milaka eta milaka izan zirelako deialdiarekin bat eginez planto egin zuten emakumeak. Aurten ere bide beretik jo nahi dute eta ortziralean, Emakumeen Nazioarteko Egunean, greba deitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Aurtengoa, ordea, 24 orduko lanuztea izanen da. Eskualdeko emakume feministek ere deialdiarekin bat egin dute.
Goldatz Berako Emakume Taldeak «iraultza behar dugulako, sistema hautsi eta eraldatu behar dugulako» bat egin du grebarekin eta Baztango martxoaren 8ko lantaldeak «borroka ez delakoz akitu». Leitzako emakume taldea ere lanean ari da eta «aurten urrats kuantitatiboa eta kualitatiboa» eman nahi du: «eskaera zehatzekin gatoz, biziki sentitzen ditugulako zapaltzen, erasotzen eta mespretxatzen gaituen sistema honen kateak». Lesakako Emakume Taldeak, berriz, «emakumeon lan guztiak ikusarazteko eta eskubideak aldarrikatzeko greba egitea garrantzitsua» ikusten du. Areago, egun osoko greba «eraginkorra» izan daitekeela dio.
Joan den urteko 'sorpresa'
Iazko martxoaren 8ak izandako «arrakasta haundia» gogoan dute lesakarrek, eta baztandarrentzat «sorpresa handia» izan omen zen: «jendarteak feminismoaren beharra sentitzen duelako izan zuen halako erantzun indartsua». Geroztik «sistemaren desorekaren kontzientzia sakonagoa» lortu dela uste dute, «lehengo urteetan baino ezagunagoak dira heteropatriarkatua, menpekotasuna, boteretzea edo androzentrismoa bezalako hitzak. Gaia karrikara atera da eta hori baikorra da». Baina, aldi berean, «kontrako jarrerak ere gehiago ikusarazi» direlakoan daude baztandarrak.
Goldatzekoen ustez, «emakumeok esparru anitzetan dugun egoera eskasa» tarteko, «aldaketa sakon baten beharra aldarrikatzeko nahia eta gogoa izan ziren» iazko arrakastaren «gakoak». Emakumeek «urtetik urtera gauzak gero eta argiago» dituztela diote: «gure artean elkarlana eta saretzea gero eta handiagoa da, gure eskualdean behintzat bai. Horrek indartu egiten gaitu».
Leitzarrentzat iazkoa «zirragarria bezain hunkigarria» izan zen. Gainera, «urrats bat gehiago» emateko balio izan diela aitortu dute, «iazko greban sortutako energiak mantendu egin dira eta joan den ekainaz geroztik, Leitzaldeko emakumeok subjektu feminista baten eraketan murgilduak gaude».
Bortz ardatz
Bortz ardatz izanen ditu aurtengo grebak: pentsiodunak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa. Baina zaintza paratu dute erdigunean. «Ingurukoen zaintzaz emakumeak arduratzen gara, gizonezkoak baino gehiago, eta sistemari dohainik ateratzen zaio, lan horiei inolako baliorik eman gabe. Gainera, lan munduan ere, zaintza lanak prekarizatuenetarikoak dira eta neurri handi batean emakumeok egiten ditugu. Nahikoa dela erran nahi dugu eta bizitza erdigunerat ekarri», azaldu du Baztango taldeak.
Eskualdeko emakumeen egoerari erreparatuz, Baztanen, «zaintzari arras lotuak dauden lanpostu anitz» daudela azaldu dute. Horrez gain, «landa eremua izaki, nekazariek hartzen dute etxeko lanaren kargarik handiena». Mutil-dantzen harira, «gatazka horrekin ezin akitu» gabiltzala aipatu dute: «tradizioaren aitzakian emakumeok eskubide gutiago ditugula pentsatzen dute zenbaitzuk, eta temati dabiltza aukera hori betikotu nahian».
«Sozialki hagitz eskualde tradizionala» dela gaineratu dute lesakarrek, eta «emakumeak batez ere zerbitzuetan eta zaintza lanetan» eta «gizonezkoak lantegietan» ikusten dituzte. «Sistema produktiboa gizonezkoen esku dago eta erreproduktiboa edo zaintza emakumezkoen esku».
Beratarrek ere «gure eskualdean ohitura eta tradizio anitzek emakumeok alboratu egiten gaituztela» diote, eta emakumeen egoeraz ari direla, «indarkeria matxista, lan baldintza prekarioak, balio sozial guttiagoko lanak, lan feminizatuak, soldata arrakalak, edertasun eta kontsumo ereduak...» gogoratu dituzte.
Leitzarrek, berriz, garbi dute «gure amona eta amek irabazitako espazio eta eskubideei gogor eusteko garaia» dela. «Agerikoa da nolako jarrera oldarkor eta erreakzionarioa dagoen esparru askotatik emakumeok boteretzearen aurrean». Eskualdean ere, «emakumeak esparru askotan zapalduak, erasotuak eta ikusezinak» direla salatu dute.
Herriz herri hitzorduak
Hutsune horien kontra, «anitza, jendetsua eta indartsua» izatea nahi dute martxoaren 8a; «plazak beteta» ikusi nahi dituzte. Helburu horrekin, herriz herri hainbat ekimen eginen dituzte; tartean, 12:00etan, emakateak eginen dituzte Baztan-Bidasoaldeko herrietan. 17:00etatik aitzinera, berriz, Elizondoko plazan bilduko dira, 19:00etan Elizondon eginen den manifestazioan parte hartzeko. Leitzarrek ere «anbizio handiko» egitaraua prestatu dute. Egun osoko egitarauaren barne, 12:00etan elkarretaratzea eta 19:00etan manifestazioa eginen dituzte. Batean zein bertzean izan, «grebarekin bat egin eta plazara atera eta prestatutako ekitaldietan parte hartzeko» deia egin diete emakumeei.
Gizonezkoei deia
Gizonezkoei ere luzatu diete mezua. Baztandarrek «pentsatzen hasteko, maskulinitate eredu berriak lantzeko eta pribilegioak dituztela ohartzeko» eskatu diete: «feminismoarekin bat eginez gero ainitz dute irabazteko eta berdintasunean oinarritutako jendarteak denondako lasaiagoak eta justuagoak dira».
Martxoaren 8ari begira, berriz, lesakarrek, beratarrek eta leitzarrek «erdigunetik kentzeko» eta «euren inguruan dauden emakumeei greban parte hartzeko erraztasunak emateko» eskatu diete. «Zaintza eta etxeko lanez arduratuz, kontsumo greba eginez...».
Handia izan zen iazkoa eta hura gainditu nahi dute aurten. Leitzarrek «indar erakustaldia» izanen dela diote, «emakume guztiontzat indarrak hartu eta lanean segitzeko erregaia». Beratarrek, berriz, «lehengo urteko aurreikuspenak gainditu eta aurten hori eta gehiago» izatea espero dute. Lesakarrek argi dute «aldaketak maiz borroka bidez lortu» izan direla, eta «orain ere horren beharra» dagoela. Horretarako eguna izanen da martxoaren 8a. Gainera, «gogotsu eta bizirik» daudela diote talde feministetako kideek. Gehiago ere aitortu digute baztandarrek: «24 orduko geldialdi bat eginez, gu gabe mundua gelditzen dela erakusteko gogoz gaude».