Gure Txokoa dantza taldeak piztu du Berako bestetako txupinazoa

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 2a, 13:20

Duela berrogei urte Aurreskua eta Bordondantza berreskuratu zuten taldearen ordezkari Mikel Iturria eta Joxelu Unsion izan dira eta duela bortz urte Bordondantzan eta Makildantzan aitzindari izan ziren nesken eta gaur egungo taldearen ordezkari, Eli Irazoki eta Ainhoa Retegi 

 

Zortzi esku eta ehundaka oin izan dira aurten Berako bestetako txupinazoa pizten. Zortzi eskuak Mikel Iturria Linazaroso, Joxelu Unsion Pabolleta, Elixabet Irazoki Zelaieta eta Ainhoa Retegi Errandonearenak. Lauak Gure Txokoa dantzariak, garai batekoak bi gizasemeak eta gaur egungoak bi emakumeak. Berrogei urtetan dantza taldean dantzatu duten eta dantzan ari diren ehundaka oinak izan dituzte laguntzaile Herriko Etxeko balkoian.

Izan ere, Berako Udalak Gure Txokoa dantza taldearen ibilbidean bi unetan jarri du azpimarra.  Alde batetik duela 40 urte inguru Berako Dantzen berreskurapenean egindako lanean. Ez bakarrik San Esteban eguneko dantzengatik (Makildantzak lehenago berreskuratuak izan ziren Josu eta Antonio Goiari esker batez ere). Inauterietako Inude eta Artzaien konpartsa berreskuratzea ere gogoratu nahi izan du. Aurten 40. urteurrena ospatu dute inauterietan eta bertze horrenbertze bete dira San Esteban eguneko Aurreskua berreskuratu zenetik. Urtebete beranduago dantzatu zuten Bordondantza. Garai hoietan berreskuratze lan hoietan aritu ziren  Mikel Iturria eta Joxelu Unsionek bota dute suziria. 

Eta bertzalde duela bortz urte San Esteban eguneko dantzetan emakumearen figurari protagonismo gehiago eta neurri berean mutilenakin partekatzeko egindako lanagatik gaur egungo dantzari belaunaldiari pasa zaie suziria pizteko ardura, momentu honetako dantzariei alegia. Horien ordezkari izan dira Eli Irazoki eta Ainhoa Retegi. Beraiekin batera izan dira gaur egungo Gure Txokoa dantza taldeko hainbat dantzari ere. ‘Gora Gure Txokoa dantza taldea, Gora dantzariak, Gora Bera eta ongi pasa bestak!’ izan dira bota dituzten oihuak, suziria elkarrekin piztu baino lehen.

 

Gerrako ahantziei omenaldia

Baina txupinazoa baino lehen izan da une hunkigarririk Herriko Etxeko Plazan. Joan den urtean txupinazoa bota zuten gerrako ahantziek eta aurten lore-eskaintza egin nahi izan zaie plazan ezarritako oroigarrian. Oskar Goñik eta Amaiur Goñi Elortzak txalaparta jo ondotik, Aitor Elexpuru alkateak hitza hartu du, herrian oroimenaren alde egiten ari den lana gogoratuz. Bereziki, joan den urteko txupinazoan egon ziren, baina dagoeneko hil diren Genoveva Aldazabal eta Paco Perez Lusarreta, Gernika bataloiko gudaria gogoratu zituen. Ondotik, Aurreskua dantzatu dute Suharri Iratzoki Senper eta Ihintza Udaeta Zubieta dantzariek eta lore-eskaintza egin dute hainbat herritarrek. Herriko Etxeko balkoi batean, "Frankismoan bezala ikurriña udaletxean paratzea debekatu dute", pankarta ezarria zegoen.

 

Musika, erraldoiak eta aunitz gehiago

Txupinazoa eta gero, jendez betetako plazan musika doinuak hasi dira Incansables txarangarekin eta erraldoi konpartsa ere dantzan hasi da, Ezpelur taldeko gaiteroekin. Aurten ere talde sendoa dute erraldoiek eta lau lagun berri hasi dira: Iñaki Irazoki, Markel Oiarzabal, Carlos Pombar eta Xabi de Cruz. Etorkizuna segurtatua dagoela erran daiteke, erraldoi ttikiagoekin dantzan aritu baitira Markel Lasarte eta Ekai Dozagarat ere.

Arratsaldez, Ezpelur gaiteroek Zahar Etxean joko dute, txistulariek kalejira eginen dute Josu Goiaren onenez, batukada, herri-dantzak eta kontzertuak ere izanen dituzte.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun