«Herriko bestak dantzarik gabe imaginatzea hagitz zaila egiten zaigu dantzari garenoi»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 2a, 15:00
Ainhoa Retegi eta Eli Irazoki, txupinazoaren ondotik kalejiran.

Elixabet Irazoki eta Ainhoa Retegi, Gure Txokoako dantzariak 

Gaur egungo Gure Txokoa dantza taldearen ordezkari, Elixabet Irazoki Zelaietak eta Ainhoa Retegi Errandoneak hartu dute txupinazoa pizteko ardura. 26 eta 31 urterekin, hurrenez hurren, ttikitatik ari dira dantzan eta dantza irakasle ere badira, 18 urte zituztenez geroztik.

Nola hartu duzue txupinazoa pizteko ardura?

Kontent, ilusioarekin, egiten dugun lana baloratzea beti da pozgarria. Gure artean hagitz giro ona dugu. 

Nolabait gaur egungo dantzarien ordezkari izan zarete… Zenbatsu dantzari biltzen zarete Gure Txokoa dantza taldean?

Jada bagara 250 bat dantzari denetara, lehenago ez bezala ttikiak 5 urterekin hasten dira dagoeneko eta gure taldean, berriz, haundienetan ere, bagara erretiratu nahi ez dugunak. Horregatik, ohore haundia da guretzako talde guztiaren ordezkariak izatea.

San Esteban eguneko dantzak bereziak izaten dira zuentzat?

Bai, nik uste dantzari garenok herriko bestak dantzarik gabe imaginatzea hagitz zaila egiten zaigula, eta San Esteban egunekoak bereziki hagitz gustuko ditugu. Egun berezia izaten da guretzako, goizetik hasita, arratsaldera arte, ekitaldi guzitan parte hartzen dugulakoz.

Alde horretatik, azken lauzpabortz urtetan parekidetasunaren aldeko urratsak ematen ari zarete: lehenik emakumeak bordondantzan, iaz lehen aldiz kapitain, aurten neska gehiago mutilak baino bordondantzan… Nola baloratzen duzue hori?

Urtean zehar neska mutilak elkarrekin egoten garen moduan, San Esteban egunean ere nahi genuen denak batera disfrutatzeko aukera izan. Gaur den egunean neska edo mutil, denok dugu jada nahi ditugun dantzatan parte hartzeko aukera eta hori da kontua.

Orokorrean, ez bakarrik Beran, neska gehiago izaten dira dantzari mutilak baino… Zergatik uste duzue dela hori? 

Haurrak 5 urterekin dantza taldean hasten direnean neska/mutil kopurua orekatua izaten da. Nerabezaroan berriz, mutilek normalean bertze zaletasun batzuri ematen diete lehentasuna. Betiko rol eta estereotipoak hausteko lanean ari gara eta hemendik mutil guziak dantza ez uztera animatu nahi ditugu.

Bezperako jaialdiak ere lan handia suposatuko du… Adin ezberdineko neska-mutikoekin eta helduek urte osoan egiten duzuen lana jaialdia bakarrean erakutsi beharra… Hori ere ardura handia izanen da…

Bai urte guziko ardurak, bai ikasle taldeak, haundienen artean banatzen saiatzen gara urtero. Dantzak erakusteaz gain, badira ikusten ez diren lan eta ardura dezente, hoiek denak borondatez egiten ditugu eta horregatik lan haundia suposatzen du. Hala ere, gusto haundiz egiten dugu eta jaialdian ikasitakoak erakusteko aukera dugu. Egun polita da, irakasle zein ikasleak konten egoten gara, besta bezpera izanik giro hagitz berezia sortzen da.

Dantza herrikoietan (muxikoak, larraindantza…) ere parte hartzea gustatzen zaizue?

Dantzak non, gu han. Musika eta dantza baldin bada beti dugu hurbiltzeko joera. Nik uste hori dela lotzen gaituena, gure musikarekiko dugun maitasuna. 

Dantzaz aparte nola bizi dituzue bestak? Zein dira gehien gustatzen zaizuen ekitaldiak?

Gure kultura honetan bestak jana eta edaririk gabe ez ditugu ulertzen eta ongi ikasiak ditugu ohitura horiek. Lagunartean ahalik eta denbora gehien egon, herrikoekin gustura besta egin, musika kontzertuez disfrutatu eta ahalik eta ekitaldi gehienetan parte hartzea dugu gustukoen.

Zuekin batera, duela 40 bat urte Bordondantza, Aurreskua edo Inude eta Artzaiak berreskuratu zuten taldeko ordezkariak izanen dira. Gaur egungo gazteen ikuspegitik pentsatzen dut zaila izanen dela Berako bestak edo inauteriak dantza eta personaje horiek gabe imajinatzea… 

Bai, eta kontziente gara gu orain garena izateko, lehenago herriko dantzari aunitzek egiten duten lan guzia, azkenean beraiek erakutsi digute guk orain dakigun guzia. Guk beraiek egindakoari ahalik eta hobekien jarraitasun bat ematen saiatzen gara, tradizioa jendartearen aldaketara egokitzen den ohitura dela ulertzen dugulako. Eta aldi berean suposatzen dugu gure ondotik heldu direnak ere, esku tartean dutenarekin beraiek dakiten onena eginen dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun