«Dantzatzeko modua aldatu dute azken urteetan, denarekin ez nago ados, baina hala erabaki da eta aitzinera»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 2a, 17:00
Joxelu Unsion Berako Herriko Etxeko pleno-aretoan, bestei ekiteko gogotsu.

Joxelu Unsion Pabolleta, Gure Txokoako dantzaria

Joxelu Unsion Pabolletak ere 65 urte ditu eta 1970. hamarkadako dantza talde hartako kide zen. Kide ez ezik, bultzatzaile nagusietako bat izan zela ere erran daiteke, baina «jende aunitz ginen sartuak, tartean emakume aunitzek ere lan handia egin zuten». 

Txupinazoa pizteak ilusioa egiten badio ere, bere ustez ez du horrelakorik merezi. «Guk lan ttikia egin genuen, dantza taldea denen artean egin eta egiten dugu. Berrogei urte pasatu dira, jende aunitz ibili da hor eta taldea eta dantzak mantentzen jende aunitzek egiten du lan eta hori hagitz inportantea da. Gu hasi ginen, baina mantentze-lana nahitaezkoa da». Halere, mantentzeko norbaitek sortu edo berreskuratu behar du, eta horretan lan handia egin zuen Joxelu Unsionen gazte-denborako taldeak. «Orduko Berako adineko jendearekin solastu genuen aunitz, beraien gazte-denborako dantzak, bestak, inauteriak nola gogoratzen zituzten jakiteko, ikasteko… kanpoan ere ibili ginen, trajeak nolakoak ziren, zein koloretakoak…».

Gaur egungo gazteek betidanik ezagutzen dituzten Berako bestek eta inauteriek, zer ikusteko gutti dute duela 40 urtekoekin. Orduan berreskuratu zituzten Bordondantza, Aurreskua, makildantzak… «Azken urteetan egokitu ere egin da, ez dute mutilek bakarrik dantzatzen, neskek ere bai. Hori ere inportantea da». Dena den, Joxelu Unsionen ustez dantzak pixko bat aldatu ere egin dituzte eta horrekin ez dago guztiz ados. «Gaur egungo dantzariek diote arratsaldeko dantzak motelak zirela eta aldatu egin zituzten. Nere ustez, sosoak baldin badira sosoak dira, baina gure dantzak horrela dira. Orain arte, mutilek dantzatzen zuten bitartean, neskak oinez joaten ziren laguntzen, Aurreskua mutilak dantzatzen zuen eta orain mutil eta neskek, denek dantzatzen dute. Bilera batzuk egin genituen duela bizpahiru urte, eta aldatzea erabaki zuten, eta aitzinera».

 

Mutilak Iñude eta neskak Artzai

Iñude eta Artzaiek ere badute bere historia. Joxelu Unsionek aipatu dignes, «teoria eta bertsio aunitz aditzen ditut, zergatik mutilak iñudez jantziak ateratzen diren eta neskak artzaiez jantziak. Ez diet kasorik egiten, horren erantzuna hagitz erraza delako. Konpartsa berreskuratzen hasi ginenean, gerra aitzineko argazki batekin topo egin genuen eta han, garai hartan hala izaten zelako, denak mutilak ziren, bai artzaiak, baita inudeak ere… Iñude eta artzaiak berreskuratu behar dugunean, zer egiten dugu? Hor dugu aukera, taldean neskak eta mutilak gaudenez, nola eginen dugu? Bakoitzak bere papera edo umore pixko bat gehiagorekin, mutilak inude eta neskak artzai aterako gara? Bozketa egin genuen eta gehiengo zabal-zabal batekin, azken hau aukeratu genuen… eta horrela gelditu da Berako inauterien ezaugarri bereizgarria, bertze inon ez da horrela egiten».

Gaur egun ere, Joxelu Unsionek ez du hutsik egiten dantza herrikoietan. «Larraindantza, jota pare bat, Muxikoak ere izanen ditugu aurten… Orain jende pila joaten da, ikasten ari direnak… Pila bat gustatzen zait dantzatzea, izugarria iruditzen zait», dio.

Bertze gainerakoan, bestak lagunekin egoteko aprobetxatzen ditu, «egunero ateratzen gara, beti bada herri-bazkaria, kantu-bazkaria, muxikoen bazkaria ere antolatu dute… baina lasai egoteko, dantza egin, trago batzuk hartu… 2:30ean, 3etan, 4etan erretira, hortik goiti ez, hori gazteei uzten diegu. Egunez zoragarri pasatzen dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun