«1978an berreskuratu genuen Aurreskua eta urtebete beranduago Bordondantza»

Ttipi-Ttapa 2019ko abu. 2a, 16:00

Mikel Iturria Berako Herriko Etxeko balkoian, txupinazoa piztu baino lehenxeago.

Mikel Iturria Linazasoro, Berako dantzaria 

Mikel Iturria Linazasorok 65 urte ditu eta duela berrogei urte baino gehiago hasi zen Gure Txokoa dantza taldearekin. Garai hartan berreskuratu zituzten galduak zeuden Berako Aurreskua eta Bordondantza. Makildantza batzuk lehenagotik berreskuratuak ziren, gehien bat Josu eta Antonio Goia anaien eskutik, baina bertze batzuk gehitu zituzten San Esteban egunerako. Horretaz gain, Inude eta Artzaien konpartsa ere berriz karrikara atera zen 1979an, 50 bat urtez atera gabe egon ondotik.

Noiz hasi zineten Berako bestetako dantzak berreskuratzen?

Soldaduska bukatu eta hasi ginen berreskuratzen Berako dantzak. Makildantza guztiak ez ziren egiten eta gero bete genuen. Berako bestetan egiten genituen zinta-dantzak, Bizkaiko dantzak eta Makildantza batzuk. Aurreskua eta Bordondantza galduak zeuden, 40 bat urte lehenagotik. Aurreskuarekin hasi ginen. Nere amak gazte denboran ikusia zuen eta bazekien nork dantzatzen zuen. Hortik hasi ginen poliki-poliki ikertzen eta azkeneko dantzatu zutenekin egon ginen eta beraiek erakutsi ziguten nola zen dantza. Josetxo Lasarte, Patxi Burgete, Luis Mari Urkiola eta Manuel Igoa izan genituen irakasle. Arantza eta Lesakako Aurreskuaren partiturak berdintsuak ziren eta horrela lortu genuen. Koreografia pixko bat aldatzen da bakarrik.

Dantza ez ezik, jantziak ere beharko zenituzten…

Arropa ere behar genuen eta nolakoa zen jakiteko, kotxea hartu, Donostiara bidaia batzuk egin eta telak ekarri genituen, 6-8 muestra. Nesken arropa zuria zela bagenekien, baina deus gehiago.  Joxelu Unsionek hor lan handia egin zuen, bera izan zen bultzatzailea. Dolores Arrieta, Genoveva Ugalde eta Mercedes Aldazabali erakutsi eta beraiek gidatu ziguten. Batzuk plisatua eramaten zutela, bertzeak ez… horrekin Berako modista batengana joan eta egin zizkigun jantziak. 

Zehazki noiz hasi zineten Aurreskurarekin eta Bordondantzarekin?

Aurreskua 1978an berreskuratu genuen eta hurrengo urtean, 1979an, Bordondantza. Ez genekien sokak nolakoak ziren eta lehenbiziko urte hartarako soka normal batzuk erosi genituen, zinta paratu genien, baina hurrengo urterako soka egokiagoak eta politagoak erosi genituen. Garai hartan sartu zen Gure Txokoa Euskal Dantzarien Biltzarrean, Iruñera joaten ziren Larraindantzak ikastera, bilerak… Inude eta Artzaien konpartsak ere 49 urte zituen galdurik. Kaldereroek bertze horrenbertze. Joselu eta biok ikertzen hasi ginen, Donostiara joaten ginen informazioa biltzera eta han nola egiten zuten ikustera eta ikastera, gero Berako jendeari erakusteko. Musika asuntoarekin Josu Goiak eta Alberto Retegik lagundu ziguten.

Dantza mundua hagitz gustuko duzu…

Gazte denboran hasi eta 42 urte arte egon nintzen taldean. Baina oraindik irakasle lanetan ere segitzen dut, euskal dantzak erakusten ditut asteartero, Muxikoak, Larraindantza eta horrelakoak… Duela bi urte hasi ginen eta bi talde ditut, dantzari “beteranoekin”, denak jubilatuak. 8-10 pertsona hasi ziren eta ahoz ahokoak funtzionatu zuen eta orain bi talde ditut, 20 bat hasi berriak eta bertze zortzi. Asteartero arratsaldeko 6etatik 7:30era talde bat eta 7:30etik 9etara bertzea, beteranoena. Bestetako karrika-dantzetan ere talde handia elkartzen da, baina edozein igandetan bada dantzatzeko aukera, Irunen, Hondarribian, Hendaian, Donostian… Hemengo jendea joaten da eta ni ere bai tartean-tartean, mendira joatea ere gustatzen baitzait.

Dantzaz aparte, zer da Berako bestetan gehien gustatzen zaizuna?

Dantzaz aparte, Berako bestetan gustuko du txupinazoaren inguruko giroa. Jende guztia elkartzen da, bazkariak eta afariak izaten dira. Baina berriz ere dantzara etortzen zaio eta arratsaldeko Aurreskua hagitz berezia dela iruditzen zaio. Gogoan du baita ere, garai batean, baserriz baserri joaten zirela dantzariak goizez, dultzaineroekin dantzatzera, urte batean igual Zalain auzora, hurrengoan Kaule auzora… baina gero utzi zen, jende gazteak gaueko besta maiteago zuelako. Gazteak ginenean gauez egiten genuen besta eta orain alderantziz, tenorez etxera eta biharamunean, goiz-eguerdian ateri, aperitiboa hartu, pilota partidak, kukaña, ahal badut kantu-bazkarira joaten naiz… Egunero baditugu dantzak, Larraindantzak, Tafallako jota ere sartu genuen… jende mordoxka biltzen gara. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun