EuskarAbentura

Hizkuntza-ohituretan eragiteko EuskarAbentura

Nerea Bazterrika 2019ko abu. 10a, 10:00

Ezkerretik eskuinera, Aritz Zulaika, Maëlle Aguerre, Kattalin Berasain eta Oiher Urrutia. Argazkia: EuskarAbentura

121 gazte euskaldunek hizkuntzaren normalizaziorako urratsak eman dituzte uztailean. Horien artean izan dira eskualdekoak diren Zulaika, Berasain, Aguerre eta Urrutia. Iparra galdu gabe, hartutako ohiturari «eusteko eta ingurukoen erabilera indartzeko» lanean segiko dute. 

Ezagutzatik erabilerarako bidea egin dute uztailean Euskal Herriko eta diasporako 121 gazte euskaltzalek. Zapatilak soinean eta euskara mingainean, EuskarAbenturan ibili diren lau eskualdekoak dira: Aritz Zulaika (Doneztebe), Kattalin Berasain (Bera), Maëlle Aguerre (Senpere) eta Oiher Urrutia (Erratzu).

Izioqui dugu lelopean, Mauletik Getxora 783 kilometroko ibilbidea osatu dute, horietatik 483 oinez egin dituztelarik. Donejakue bidea jarraituz, hiriburuetan ez ezik, Unescok Gizateriaren Ondare izendatutako museo, eraikin, gaztelu, monumentu, hondartza, leze, soro, baso zein herrietan izan dira; eta tailerrez, mintegiez, ikuskizunez, solasaldiez... gozatzeko aukera izan dute.

Hazia erein, uzta jaso
EuskarAbentura «2015ean, Boiseko Jaialdian, bat egin zuten Euskal Herriko zenbait gaztek» sortutako egitasmoa da. Kide horiei «Quetzal ibilbidea zeritzonaren euskal aldaera bat sortzea» gogoratu zitzaien.  Hitzetik egiterako bidean buru-belarri aritu ziren lanean: «lan-taldea osatu eta helburuak zehaztu genituen». Ondotik, babesa emateko erakunde, enpresa edota elkarteen bila jo zuten. Aitzinera ateratzeko modurik izanen zuten edo ez jakin gabe «proiektua egituratzeko» gogotik lan egin zuten. Pixkanaka, «lo egiteko tokiak, otorduak, ekintzak, jarduera eta materiala» lortu zituzten eta joan den urtean martxan paratu zuten.

«Bizitzan behin bizi daitekeen esperientzia ahaztezina da»

Arrakasta ikusirik, aurten abenturaren bigarren edizioa izan dute. Joan den urteko ibilbidea errepikatu dute, baina eskari gehiago izan direnez, lagun gehiago eraman dituzte: «iaz 150 inguruk eman zuten izena eta 110 hautatu genituen; aurten 260 bat lagun apuntatu dira eta 121 aukeratu ditugu».

Hautaketa-prozesua egiteko, gazteek Euskal Herriko bazterrei, migrazio-mugimenduei edo errima eta erritmoei buruzko lan bat egin behar izan dute. Lanak «historikoak, literarioak, ikus-entzunezkoak, musikalak, plastikoak...» izan dira eta horiek Eusko Ikaskuntzako kideei eta PuntuEUS atariari helarazi dizkiete. Adierazi dutenez, jaso dituzten lanekin «harrituta» gelditu dira.

Aukera «bakarra»
Parte-hartzaileak erabakitzeko irizpideak «lanak, neska-mutilen oreka eta zazpi lurraldeetako parte-hartzaileak bermatzea» izan dira: «askotariko errealitate linguistiko eta sozialak nahasi nahi izan ditugu». Horrela, proiektuaren helburuak lantzeko bide izan dute. Bertzeak bertze, «gazteen artean euskara sustatu eta normalizatzeko eta gazte euskaldunen sarea sortu eta elikatzeko» aritu dira lanean. Eta horrekin batera, «Euskal Herriko ondasun naturalak, historikoak eta kulturalak ezagutarazteko; eta zenbait balore jorratzeko» aukera baliatu dute. Azken horien artean «parekidetasuna, bizikidetza, ardura eta autonomia, bizi-ohitura osasungarriak, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasangarria» izan dira aipatu dituztenak.

«Beharrezkoak diren baloreak ere lantzen ditugu»

Sustatzaileek «16-17 urteko gazteak, pertsonalitatea garatzen ari diren momentuan» esperientzia bizitzea «aberasgarria» dela nabarmendu dute. Haien hitzetan, «adin bereko jendearekin Euskal Herria ezagutzeko, lagunak egiteko, ezaguna den jendeaz ikasteko eta, batez ere, hizkuntza-ohiturak kontzienteki erabakitzeko, bizitzan behin bizi daitekeen esperientzia ahaztezina da EuskarAbentura». Parte-hartzaileek zapatilak erantzi eta euskara jantzi dute. Antolatzaileek datozen urteetan horri eusteko eta haria ez eteteko lanean segituko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun