Argi du euskara behar duela, argi euskarak euskaldunak behar dituela: «behar den bezala, ahal dudan guztietan euskaraz aritzen naiz». Segur aski, hizkuntza-ohiturak aldatzeko, kontzientzia pizteko eta eredu izateko, EuskarAbenturan pieza garrantzitsua izan da Urrutia: «niretako zentzu horretan abentura hau oinarrizkoa izan ez den bezala, eremu ez euskalduneko herritarrendako aukera ona dela uste dut». Dena dela, ikasteko aukera izan du eta «euskara lehendabiziko hizkuntza izatea gehiago eskertzen dut orain».
«Batzuen zailtasuna ikusita euskara lehen hizkuntza izatea eskertzekoa da»
Maila sozialean ere garatzeko bide eman dio: «orain artean ez dut lagunak bat-batean egiteko beharrik sentitu eta ez ditut horrenbertze euskalki aditu». Beharra izan du lege: «integratzeko eta komunikatzeko modu bakarra pausoa ematea izan da, solas egitea eta abenturan murgiltzea». Hilabetea jendez inguratua baina, era berean, bere buruaren jabe izanez pasatzeak «ardurak hartzen» ere erakutsi dio eta hori «beharrezkoa» da: «fiteago edo beranduago norberak bere bizia egiten ikasi behar du eta...».
Dinamikoa eta aberatsa
«Hagitz gustura» pasatu du hilabetea. Kontatu digunez, «lehendabiziko bi egunetan lo egitea izan da zailena, hortik aitzinera ohitu bertzerik ez da egin behar». Normalean egunerokoa markatua izan dute: «07:00etan jaiki, motxilak prestatu, oinez ibili eta arratsaldean dinamikak». Paisaia ederrek «Nafarroa hegoaldeaz nuen aurreiritzia deuseztatu» diote eta dinamikek «mendiaz, euskaraz eta kulturaz, herriaz eta inguruaz» ikasteko bide eman diote. Hori guztia ez ezik, gosarirako zein bazkarirako prestaketak «denen artean» egin dituzte. Lagun-talde polita egin dute eta elkarrekin horrenbertze denbora partekatuz «harreman estua» eraiki dute. Harremana estutu ahala «mugikorra itzali eta bertan bizitakoa gozatzeko» baliatu duen bezala, harremana mantentzeko berriz ere piztuko du: «ez da erraza izanen, baina ditugun aukerak baliatuz eusten saiatuko gara».