Hasieran, espedizioak «interes berezirik» eragin ez bazion ere, informazio gehiago izan ahala, «ideia gustatu eta lanean hasi» zen: «nondik nora jo aukeratzea izan zen zailena». Ibili eta buelta, errimak eta erritmoak gaiari lotuta, «sormen digitaleko lan bat» aurkeztu zuen: «euskal musikari garrantzitsuei buruz galdera-joko bat egin nahi nuen, baina emakumeak gutti izaki, horiengan jarri nuen fokua. Informazioa bilatu eta Genially web orrialdearen bidez egin nuen lana».
«Partaideok ezaugarri komunak ditugu eta hori hagitz lagungarria da»
Onartu eta baztertuen zerrendak atera aitzineko egunak «arras trankil» pasatu zituen: «ez nindutela hartuko pentsatzen nuen. Izugarrizko sorpresa izan zen!». Ikasteko eta gozatzeko gogoz egin zuen motxila «eta, bide batez, euskara eutsi eta indartzeko lagungarri izanen den bidaia izateko» asmoz. Abenturaren helburuak gogoan zituen eta tarteka lagunartean gazteleraz egiteko duten ohitura iraultzeko asmoz joan zen: «hilabetez euskaraz soilik hitz eginez bizitzea erabilera sendotzeko baliagarri izatea espero dut».
Bizipenez «gainezka»
Motxila beteta eraman zuen eta gainezka ekarri du. Kontatu digunez, hasieran «erdi galduta eta urduri» ibili zen, baina «segidan» egokitu zen. Fisikoki ere «lehendabiziko egunak» izan ziren «zailenak» baina gorputza «berehala» ohitu zitzaion. Hilabetez hainbat gai landu zituzten: «errate baterako, eraikitzen ditugun estereotipoez hausnartzeko, eta ezagun aunitzen hitzaldiak aditzeko aukera izan genuen: Ruben Santxez bertsolariarekin, Alex Txikon mendizalearekin... egon ginen». Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzeaz gainera, «euskaldun anitz ezagutu ditugu». Hori guztia gogoan amaren bultzaldia eskertzekoa izan zen. Bere aldetik, zalantzan daudenei animatzeko erranen lieke: «beldurra eman dezakeen arren, hemen elkartzen garen guztiok egoera berean gaudela pentsatu behar da. Guztiok gara euskaldun, guztiok gauza berera gatoz. Helburu eta ezaugarri amankomunak izateak gauzak errazten ditu. Beraz, interes izpi bat aski da merezi izateko, gainerakoek ere beraien alea jarriko baitute». Hitzetan sumatzen zaio ilusioa, eta behin eta berriz berretsi du: «sekulako esperientzia izan da».