Kezka guztiei helburuak jarrita, ekin zuen bidea: «euskara hobetzeko eta usaiako bizitza alde batera uzteko erronka jarri nion neure buruari». Bi helburuei tarte egiteko aukera izan du, baina ezin erran ez etxekoak ezta egunerokoa ere zeharo atzendu dituenik, bizitakoak oroitzapenak eragin baitizkio: «ttikia nintzelarik bezala, euskaraz mintzatu naiz denekin eta EuskarAbenturan hori berrartzeko aukera izan dut». Gogoan du bere hizkuntza-ohituretan aldaketa «ikastolatik kolegiora» jo zuenean gertatu zela: «orduan nire familiarekin ere frantsesez mintzatzen hasi nintzen». Eta aldaketak aldaketa, amatxirekin euskaraz aritzeko aukerari eutsi dio: «berarekin batzuetan euskaraz mintzatzen naiz». Amatxi eta birramatxi izan dira abenturan parte hartzeko giltzak, batari esker euskaraz mintzatzen segitu duelako eta bertzeak proiektuan sartzeko lana egiteko bide eman diolako: «birramatxiren historia kontatuz migrazioari buruzko lan historikoa egin nuen. Leitzatik Senperera emigratu zuela kontatzearekin ez nuen aski sei orriko lana egiteko eta gaiari lotutako bertso bat sortu eta kantatzea erabaki nuen».
«Egunez egun euskara hobetu dudala atzeman dut, arrunt kontent naiz»
Bere kasuan, lana egitea «ez zen biziki zaila» izan, baina abenturan sartuta, egunerokora egokitzea kosta zitzaion: «fisikoki hasiera gogorra izateaz gain, bai jendeak ni baita nik haiek errandakoa ulertzeko zailtasunak izan genituen». Egunez egun «gogor» saiatuta, hori lantzeko ariketak eginda, «euskaraz hobe ulertzen eta solas egiten» zuela ohartu zen eta pixkanaka, gauzak erraztu zitzaizkion. Hortaz, «hizkuntza hobetu nahi dutenei» parte hartzeko erranen lieke.
Etxean euskara berrartzeko saiakera
Zailtasunik handiena orain datorkio, hilabetea pasatu delarik. «Uztaritzeko lizeotik bertze batera joanen naiz eta hor gutti dira euskaraz mintzo direnak». Fokua, beraz, etxean jarriko du: «ahizpa eta amarekin euskaraz mintzatzen saiatuko naiz». Ea piztutako grina eta egindako ahalegina baden hori lortzeko adina!