EuskarAbentura

«Uda hoberenetariko bat izan da»

Nerea Bazterrika 2019ko abu. 10a, 10:30

Kattalin Berasainek ez du aspertzeko tarterik izan EuskarAbentura espedizioan pasatu duen hilabetean.

Kattalin BERASAIN GOIA beratarra

«Aitzineko urtetako argazkiak ikusita» eta parte hartzeko «azken aukera» zuela jakinik, EuskarAbenturan izena ematea erabaki zuen Kattalin Berasainek.

Erabaki bezala lanean hasi zen: «arte mundua gustuko dudanez, hasiera-hasieratik sormen lan bat eginen nuela erabaki nuen». Etorkin ezagun baten bizitza izan zuen ardatz, eta hori «komiki bidez» ekarri zuen paperera. Xehetasunei galbiderako tarterik ez uzteko, eta «historian gehiago sakontzeko»,  komikiaren osagarri, idazlan bat ere egin zuen eta horrekin guztiarekin batera, motibazio gutun batean «gogo eta asmoak» azaleratu zituen. Lan mardula egin zuen, baina onartua izatean hori guztia ahantzi zitzaion: «izugarrizko ilusioa egin zidan». Dena ez zen, ordea, espero bezala atera eta horrek sentimendu gazi-gozoak eragin zizkion: «lagun bat abenturatik kanpo gelditu zen eta tristura sentitu nuen». Ezagunik gabe  eta ezezaguna zitzaion esperientzia abiatzeko momentua «urduritasunez» bizi izan zuen, baina harat ailegatu orduko guztia ahantzi zuen.   


Aspertzeko tarterik gabe
«Gogotsu» abiatu zuen bidea: «hasieran nora jo ez jakitea, ingurua eta ingurukoak arrotzak izatea izan zen zailena». Ez da harritzekoa, etxetik kanpo aurten pasatu baitu lehendabizikoz hilabete oso bat: «Euskal Herria oinez zeharkatu eta dinamika, ekintza edo jolasez gozatu dugu». Ibiliaren ibiliz hankak babez josiak izan zituen beratar gazteak: «egunero kilometro anitz egiten genituen, hiru taldetan: trikuak, kattagorriak eta erbiak. Gu erbien taldean ginen eta agudo samar ibili behar izaten genuen. Baina kirola gustuko izan eta urtean zehar zerbait egiten dutenek aise egin dezakete». Berak, bere aldetik, ez luke deus aldatuko: «guztia ahantzi, ezagutzak aberastu eta tokiak bisitatzeko aukera ederra da». Hilabete horrek emandako momentuak gogoan, bizi duen «uda hoberenetarikoa» izan dela erran digu: «ez dut aspertzeko tarterik izan, ez naiz zer egin jakin gabe egon, momenturo jendez inguratuta egon naiz... zoragarria izan da».

«Guk prestatu, antolatu eta garbitu dugu. dena ez da etxean bezain erraza...»

Etxekoen laguntza eskertzen ere lagundu dio eta «dena ez da etxean bezain erraza» ohartu da: «guk prestatu, garbitu, antolatu... behar izan dugu dena eta aunitz ikasi dugu».  Orain EuskarAbenturaren bigarren zatia egiteko prest dago: «lagunak egin ditugu eta horri eusteko herriko bestetan, udako egunen batean... biltzeko asmoa dugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun